Oñatiko udala

Ingecom Sistemas enpresak egingo ditu Arantzazuko eta Araotzeko aparkalekuak monitorizatzeko lanak

2026/02/12
Card image cap
Esleipen kontratua astean sinatu da

  Bigarren deialdian esleitu ditu Udalak Araotzeko eta Arantzazuko aparkalekuen betetze maila monitorizatu eta denbora errealean jakinarazteko sistema instalatzeko lanak. Lehenean proposamenik jaso ez zenez, hasierako lanak murritu eta aurrekontua egokitu zen; Urtiagain inguruan aurreikusten zen informazio panelik ez da jarriko eta Araozko ostatu inguruko aparkalekua ere ez da monitorizatuko, bai ordea, Arrikrutzekoa eta Arantzazukoa; informazio panela jarriko da Azkoagainen eta semaforoa Jaturabeko zubian. Hiru enpresa aurkeztu ziren bigarren esleipen prozesu honetara eta lanen kontratua Ingecom sistemas SL enpresarekin egitea erabaki da. Bi irizpide zehaztu ziren proposamenak baloratzeko: eskaintza ekonomikoa eta berme epea luzatzea, eta proposamen ekonomiko merkeena aurkeztu zuen Ingecom sistemas SL enpresaren aldeko erabakia hartu da, esan bezala. Udalak zehaztu zuen gehienezko prezioa ia 7.500 eurotan merkatuta, lanak 91.808 eurotan egingo dira. Bost hilabeteko epea izango da lanak burutzeko, udarako lehen astetarako prest egotea espero da.

  Sistema IP21 Ingeniería enpresak osatutako proiektuaren arabera egingo dira lana; monitorizatuko diren guneetan hainbat instalazio elektriko egin beharko dira eta monitore eta kontrol elementuak jarri beharko dira, aparkalekuetan eta udaltzaingoaren bulegoetan, informazioa une oro eguneratuta izan eta aparkalekuetarako bideak egoeraren arabera itxi edo irekitzeko. Izan ere, Aste Santuan, udan, eguraldi ona egiten duen edozein zubitan edota elurra egiten duenean trafikoa ugaldu egiten baita Arantzazu eta Araotz inguruetan. Helburua, informazioa garaiz adierazi eta auto pilaketak eta gaizki aparkatutako autoak saihestea da. Unean uneko egoera hobeto kontrolatzeko lagungarria izango da monitorizatze sistema berria.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!