Informazio mahaiak jarriz ospatuko da gurean Odol Emaileen Nazioarteko Eguna, larunbatean

Odol Emailearen Nazioarteko Eguna ospatuko da larunbatean, ekainak 14. Egunak helburu bikoitza du: mundu osoko odol emaileak omendu eta, odola ematearen garrantzia gizarteratuz, odol emaile berriak topatzea. Bigarren horretan jarri du azpimarra Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak eta sentsibilizazio ekintzak egingo dira, zapatuan. Oñatin, informazio mahaiak jarriko dira Foruen enparantzan, 12:00etatik 14:00etara.
Odola ezin da makina bidez sortu. Ebakuntza, transfusio eta bestelakoetarako behar den odola eta honen osagaiak, emaileen eskuzabaltasunari esker lortu daitezke bakarrik. Beharrak asko dira baina odola, plasma eta bestelako osagaien iraungitze data mugatua eta laburra da. Gizartearen %75ak odolaren osagairen bat beharko du bere bizitzan zehar. Gipuzkoan egunero 125 odol-emate behar dira Horregatik da hain garrantzitsua urtean bi-hiru aldiz odola emango duen emaile talde fidela izatea, odol bankuetan gutxienekoak beteta mantentzeko, eta edozein larrialdi egoeratan ere, odol talde jakin bat duten herritarrak lehenbailehen lokalizatzeko. Baina odol ematearen garrantziaz gizartea jabetu behar da eta horretan ahaleginduko dira Oñatiko odol emaileen taldeko hainbat kide larunbatean, informazio mahaiak plazara aterata.
Odol emaile berriak behar eta lortu nahi dira. Odola ematea bizitza asko salbatzea ahalbidetzen duen ekintza erraza, segurua eta altruista dela jasotzen da herritarrei banatuko zaizkien esku-orrietan. Odol emaile izateko oinarrizko hiru baldintza bete behar dira: 18 urte beteta izan, 50 Kg baino gehiago pisatu eta osasun ona izatea. Horretarako medikuaren kontrola pasatzen da beti odola eman aurretik. Bide batez, urte akabera bitartean Oñatin programatuta dauden bost odol-emate egunak ere jaso dira informazio-orrian.
Odola ematera joateko hitzordua eskatu behar da eta horretarako bidea bikoiztu egin zen iaz: odola ateraldiaren egunean bertan, telefonoz deituta txanda hartu behar da baina aurreko asteartetik online ere hartu liteke gotatanta.eus web atariaren bitartez. Aipatu esku-orrian uztailetik aurrera izango diren odol ateraldi egunak zehaztu dira baina gogoratu, ostiral honetan bertan ere odola emateko aukera izango dela Enpresagintza Fakultatean, 16:30etatik aurrera. Horretarako hitzordua jada eskatu liteke.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!