Oñatiko udala

Informatika teknikaria eta argiketari ofiziala kontratatu nahi ditu Udalak aldi baterako

2025/06/12
Card image cap
Lan eskaintzak Lanbideren bitartez zabaldu ditu eta izen-ematea bide beretik egin behar da

  Informatika teknikari lanpostura aurkezteko oinarrizko bi baldintza bete behar dira: informatikako ingeniaritzan edo baliokidea den formazio akademikoan unibertsitate gradu, lizentziatura edo diplomatura izan behar da eta euskarari dagokionez, C1, EGA maila. Argiketari ofizial lanpostura aurkezteko berriz, Lanbide Heziketa I elektrizitatean edo baliokidea izatea eskatzen da, instalatzaile txartela, B motako gida baimena eta 2. HEren maila, euskarari dagokionean. Bi kasuetan postuarekin zerikusia duen formazio osagarria izatea, eta antzerako lanetan esperientzia izatea baloratu egingo da eta argiketari ofizial lanposturako, 3. HEren maila izatea ere kontutan hartuko da.

  Udaleko informatika departamentua hankamotz dago une honetan eta teknikari bat kontratatzeko premia du udalak. Horregatik, hautatutakoa lehenbailehen lanean hastea aurreikusten da. Argiketari arlo edo zerbitzuan berriz, lana pilatu egin da eta horri aurre egiteko ofiziala kontratatzea aurreikusten du udalak. Orain gutxi antzerako prozesuak burutu ziren bi lanpostuak betetzeko baina hautagaiek lanpostuari uko egin zietenez, deialdi berriak egitea erabaki da.

  Interesa dutenek Lanbideren web atarian topatuko dute aldi baterako bi lan deialdi hauei buruzko informazioa eta izena ere, atari horretatik bertatik eman behar da, lehenbailehen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!