Oñatiko udala

Indusketa kanpaina berria hasi dute Jaturabe IX koban EHUko ikerlariek

2025/07/15
Card image cap
Jaturabe IX-ko indusketa, iaz
Erdi Paleolitoko mailetan sakontzen ari dira

  Naroa Garcia eta Ekaitz Arrieta historia lizentziatuak 2018an hasitako ikerketa bidea jarraitzen ari dira Jaturabe IX deritzon koban. Aurreko kanpainetako indusketa lanetan Erdi Paleolito garaiko geruzetara iritsi ziren, orain 40.000 urte baino lehenagoko geruzetara. Aurtengo helburua sakondu eta antzinagoko mailetara iristea da. Indusketa eremuan sakontzen ari dira, iaz hasitako bidean. Harkaitzeraino iristea da helburua, baina tarte horretan zenbat lur dagoen ez dakite, ondorioz, historiaurreko zein garairaino iritsi ahal izango duten ere zalantza da.

  Aipagarria da Araotzeko bailaran eta Oñatin orain arte aurkitu diren aztarnarik zaharrenak Jaturabe IX kobatik atera direla; gure espeziearen aurrekoari dagozkio, homo neanderthalensis-ek utzitakoak dira. Baina inguruan industu gabeko hainbat koba daude eta aztarna zaharragorik aurkitu daitekeenik ezin da baztertu.

  Jaturabe IX izenez ezagutzen den koban orain arte egin diren lanen ondorio gisa aipatu daiteke, ez zela etengabeko asentamendua izan, tarteka bai hainbat taldek bizileku moduan erabili zuten baina ez modu jarraian. Hori, orain arte topatu den materialak utzi du agerian, ez baita maila guztietan eta maiztasun beraz agertu. Zeramika puskak eta Paleolito garaiko beste material batzuk topatu dira, baina ez jarraian dauden geruzetan, esan bezala. Jaturabe IX koba bereziki oparoa gertatzen ari da industria litikoan, hau da, harrian landutako lanabes eta bestelako aztarnetan.

  Jakina da Debagoiena Paleolito garaiko autopista zela, ohiko pasabidea zela. Arrasateko Lezetxiki eta Labeko koba dira horren lekuko. Eta zergatik ez bailara horrekiko paraleloa den Araotzeko bailara?

  Atzo hasi zen indusketa kanpaina berria bi astez luzatuko da, uztailaren 25era arte. 11 ikerlari ari dira bertan lanean, gehienak EHUko ikasleak dira, tartean oñatiar bat eta bi arrasatear, baina Madrildik azken lau urtetan etorritako beste ikasle talde bat ere badago. Urteetan errepikatzen den lan taldea da, indusketari eta ikerketari sendotasuna emanez.

  Jaturabe IX koban egiten ari diren lanok EHUk eta Oñatiko Udalak duten lankidetza hitzarmenaren baitan kokatzen dira eta Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzazioa dute. Pasa den astean, hain zuzen ere, indusketa eta ikerketa arkeologikoetarako dirulaguntzen iragarkia argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Oñatiko udalari 9.700 euroko dirulaguntza ematea onartu zen, 2025-2026 ekitaldietarako.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!