Indarrean da etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kontratu berria
Hasieran iragarritakoa baino bi aste beranduago hasi da Zaintzen enpresa etxez etxeko laguntza zerbitzua Oñatin ematen, pasa den uda eta udazkena bitartean osatu zen esleipen prozesua burutzen. Zerbitzuaren kontratazio proposamena azaroko Osoko Bilkuran onartu zen baina kontratu-dokumentua otsailaren 13an sinatu da, indarrean, hurrengo astelehenean sartu delarik. Erabiltzaileek baina, ez dute aldaketa esanguratsurik izan, lehendik zerbitzuan zebiltzan langileek bere horretan jarraitu dutelako, langileen subrogazioa gauzatuta. Egun 37 langilek betetzen dute etxez etxeko laguntza zerbitzua gurean.
Etxez etxeko laguntza zerbitzua ezintasun maila ezberdina duten pertsonei eskaintzen zaie, etxeko garbitasunetan, bazkaria prestatu edota jantzi eta beraien burua txukuntzeko astean hainbat orduz eskaintzen da laguntza zerbitzua. Helburua, zerbitzuaren onuradun direnen autonomia maila mantentzea da, etxean bizi direla, behar duten laguntza eskainiz. Erabiltzaileen kopurua aldakorra da baina urtez urte gehitzen doa. Iazko urtea, esaterako, 178 erabiltzailerekin amaitu zuen etxez etxeko zerbitzuak. Udalek Gizarte zerbitzuek orduka kalkulatzen dute laguntza zerbitzu honen erabilera eta kontratu berria esleipenera atera zenean, urtean, bataz beste, 38.000 ordu bete beharko liratekeela kalkulatu zuten, beste 3.000 ordu gehitu daitezkeela aurreikusita. Zaintzen enpresari 35,24 euro ordainduko zaio lan ordua, 2026an, eta 36,16 eurotan 2027an, beti ere, BEZaren %4a batuta. Hurrengo bi urtetarako orduko prezioa ere zehaztuta dago, indarrean sartu den kontratuaren hasierako iraupena bi urte bada ere, beste bi urtez luzatzeko aukera jasota baitago.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!