Indarkeria matxista jasan dutenen testigantzak jasoko ditu Bargastak talde feministak, azaroaren 25ean

2022/11/21
Card image cap
Indarkeria matxistaren aurkako egunerako egitaraua prest du Udaleko Berdintasun departamentuak

  Inkesta eta azterlan askok azaltzen dute emakume gehienek inoiz indarkeria sexista jasan dutela, egoera eta intentsitate ezberdinean bada ere. Bargastak talde feministak halako gertaerak batu nahi ditu, zuzenean, emakumeen testigantzak jasoz. Azaroaren 25ean herriko tabernen atarietan egongo direla iragarri dute, beraien kasuak azaldu nahi dituzten emakumeen testigantzak bilduz. Aldi berean, galdetegi bat sortu dute testigantza modu anonimoan adierazi nahi dutenei zuzenduta. Galdetegi horretara sartzeko lotura sare sozialen bidez zabaldu dute. Bargastak taldeak parte hartzera gonbidatzen ditu Oñatiko emakume guztiak.

  Azaroaren 25era begira Bargastak taldeak antolatu eta martxan jarri duen lehen ekimena da testigantza biltzearena baina deialdi gehiago iragarri ditu asterako.

  Bitartean, azaroaren 25eko indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunaren harira, film emanaldiak, tertulixa, elkarretaratzea eta autodefentsa feminista ikastaroa antolatu ditu Udalak, Lagun Leku elkartearekin batera. Autodefentsa feminista ikastaroa abenduaren 3an izango da baina izena aurrez eman behar da, azaroaren 24a baino lehen, berdintasuna@onati.eus helbidean. Emagin elkarteak emango duen ikastaroa goiz eta arratsaldez izango da, 10:00etatik14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.

  Bestalde, azaroaren 24an bi filma pantailaratuko dira: Lagun Lekuk antolatuta Los invisibles filma ikusi ahal izango da eta ondoren txokolate-tertulixa egongo da Eltzian, 17:00etan; Zine klub saioan berriz, El acusado emango da, kultur etxeko zine aretoan, 20:00etan. Azaroaren 25ean elkarretaratzea egingo da Olakuako patotan, 12:00etan, Oñatiko emakume pentsiodunek deituta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!