Oñatiko udala

Inauteri egitaraua gertu dago

2026/02/03
Card image cap
Potx eta Lotx inauterietan ikuskizun berezia, globoflexia saioa eta mozorro festa dira berritasun nagusiak

  Herriko hiru ikastetxeetako neska-mutilek osatutako konpartsa gazteak irekiko du ostegunean inauterietako ospakizun egitaraua, aurten ere. Hiruzpalau dantza eta kantu prestatzen ari dira eta kalerik kale eskainiko dituzte otsailaren 12an, arratsaldez. Ospakizuna 15:00etan hasiko da Olaitturrin eta erdiguneko kaleak zeharkatuta plazan amaituko da, 16:15etan. Ostegun gizen eguneko arratsaldea indartuz, bestalde, Potx eta Lotx inauterietan ikuskizun berezia izango da Santa Ana aretoan. 17:30etan hasiko den ikuskizunerako sarrerak doan ziren eta Txokolateixan eskuragarri jarri eta gutxira agortu ziren.

  Larunbatean konpartsa nagusia kaleratuko da eta goiz eta arratsalde arituko dira kaleak alaitzen. 11:00etan Eltziatik abiatuko dira eta goizeko jarduna 13:30etan plazan amaitu ondoren, elkarrekin bazkalduko dute. Arratsaldeko saioa berriz, 17:00etatik 20:00etara luzatuko da, azken dantzak plazan errepikatuz. Ohikoa denez, herriko historian pisu berezia izan duten hainbat lanbide eta elementu tradizional konpartsara batuz joango dira, egunean zehar. Konpartsaren bueltan aurten ere nobedadeak izango direla aurreratu digute antolatzaileek, tartean, kalejira berri bat. Gaztelekuko erabiltzaileek ere izango dute berritasunik, globoflexia saioa antolatu baita larunbat arratsalderako.

  Domeka arratsalde-ilunkaran, Oñatz taldekoek Luzaideko Bolant dantzak eskainiko dituzte Aita Madina txistulari taldea eta Jose de Azpiazu musika eskolako akordeoi-joleak lagun hartuta. Eta asteartean, haur eta gaztetxoentzako aukera bikoitza izango da, 17:00etan hasita: mozorro festa Gaztelekuan eta Arlekino ikuskizuna Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoen eskutik, Zubikoa pilotalekuan. Sarrerak dagoeneko salgai daude www.oñati.eus atarian eta Txokolateixan, 3 eurotan. Pailazo ikuskizunaren ondoren erraldoi eta buruhandiak kalera irtengo dira eta Parrokiako Misio taldeak urteroko elkartasun txokolatada egingo du plazan. Bildutako dirua Guinea Konakryko Oñati eskolara bideratuko da.

  Inauterietako egitaraua gertu dago, inprentan, eta datorren astelehenean etxeetara banatzeko asmoa dago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!