Ikasturteko lehenengo elkarretaratzea astebete aurreratu dute pentsionistek

Ekainean eten ziren pentsionisten elkarretaratzeetara irailaren 15ean itzultzea erabaki zen baina, astebete lehenago, irailaren 8an bueltatuko dira. Legebiltzarrean erregistratu zuten herri ekimen legegilerako eskaerari ezezkoa emateak asko haserretu ditu euskal pentsionistak.
Pentsio txikiak 1.080 euroraino osatzeko eskaera babestuz 145.142 sinadura aurkeztu zituen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Eusko Legebiltzarrean, udaberrian. Jaurlaritzak, ordea, ezezkoa eman dio, pentsio apalenak igo ahal izateko beste sistema bat badagoela argudiatuta. Pentsionisten ordezkariak erabaki horren kontra agertu dira, eman diren arrazoiak juridikoak baino politikoak direla esanez. Ohar bidez salatu dute 145.000 sinadura baino gehiago baztertuta, herritarren parte hartzeko eskubidea gutxietsi eta Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzea oztopatu dela. Horregatik kalera itzultzeko deialdia zabaldu da eta Oñatin bezala EAEko gainontzeko herrietan hala egingo da, astelehenean. Hasieran iragarri baino astebete lehenago ekingo diote, ondorioz, Oñatiko pentsionistek 2025-2026 ikasturteari. Hitzordua, betiko moduan, Foruen enparantzan izango da, 12:00etan.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!