Oñatiko udala

Ikasturte hasiera mailakatua izango dute herriko ikasleek

2025/09/04
Card image cap
Ikastetxe publikoetan bihar hasiko dira, Txantxiku ikastolan eta Elkar Hezin, astelehenean

  Hasiera eguna ez da kurtso-egutegian dagoen alde bakarra, Arantzazuko Ama Birjinaren egunean, datorren asteartean, Urgain eta Oñatiko institutuko ikasleek eskola izango dute, gainontzekoek jai. Irailean eta ekainean goizez bakarrik egingo dituzten egunen kopuruan ere aldea dago batzuen eta besteen artean baina urteko eskola-orduak zenbatuta, denek kopuru berbera beteko dute, hori Hezkuntza Sailak agindu eta betearazten du.

  Eskolara itzultzen lehenak ikastetxe publikoetan diharduten ikasleak dira: Urgain eskolan bihar hasiko dute ikasturte berria eta iraila osoa emango dute klaseak goizez bakarrik jasotzen; Oñati institutukoek, berriz, bihar aurkezpena izango dute eta astelehenean hasiko dira eskolak hartzen. Larraña institutuan 10:30etan izango dute kurtso-aurkezpena, Zuazolan DBH 1 eta 2koek 11:30etan eta gainontzekoek 12:00etan. Guztiek eskola eguna izango dute irailaren 9a.

  Txantxiku ikastolara eta Elkar Hezi ikastetxera datorren astelehenean itzuliko dira ikasleak, eta kasu honetan ere Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleak goiz osoko saioa izango dute, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergokoek, aurkezpena, soilik. Ikastolan 11:00etan izango da DBH eta Batxilergoen aurkezpenekoa eta Elkar Hezin, 10:00etan, DBH 1-2 eta 3koek, eta 10:30etan, gainontzekoek. Asteartean jai izango dute guztiek eta eskolak asteazkenean hasiko dituzte.

  Larraña institutura berrikuntzak dakartza 2025-2026 ikasturteak, ziklo berri bat emango baitute: Fabrikazio eta Muntaketako oinarrizko profesional zikloa. Aukera hori eskaintzen duen ikastetxe bakarra da Euskal Autonomia Elkartean. Bi urtetan oinarrizko profesional titulua ez ezik DBHko agiria ere lortuko dute ikasleek. Eta hala nahi dutenek erdi mailako heziketa ziklo batean jarraitu ahal izango dute formazioa osatzen. Institutuan pozik daude eskaintzak izan duen harrera onagatik, ikasle askok eman duelako izena, aurretik eskaintzen hasi ziren Administrazioko Zerbitzuetako Oinarrizko Lanbide Heziketan bezala. Bestelakoan, Urgain herri eskolako patioa egokitzeko azken lanak aste gutxiren buruan amaitzea espero da. Jolasgunea eta ondoko zelaia bat eginda, naturarekin lotura handiagoa izango duen espazioa egokitu da, ur filtrazio arazoak konpontzearekin batera. Azken jolas elementuak jartzea falta da.

  6 urtetik gorako ikasleek, bestalde, Oñatiko eskola-agenda berria jasoko dute. Herriko merkataritza lantzen du eta, iaz, LH5. mailan zeuden ikasleek osatu zuten, Mirari Sagarzazu eta Aritz Irigoien hezitzaileen gidaritzapean. Marrazkiak eta bertsoak sortu zituzten, Hurretik blogean dagoen materiala baliatuz eta Txanda dendarien elkartekoekin harremanetan. 1500 ale argitaratu dira, ia 6.600 euroko aurrekontuarekin.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!