Ikasturte berriko eskaintza eta Euskara bonuaren zein udal laguntzak aurkeztu dituzte Debagoieneko udal euskaltegiek
Euskara bonua da 2026-2027 ikasturteko berrikuntza nagusia euskara ikasleentzat, bereziki beheko mailetan hasten direnentzat. Bonua nagusiki A1eko eta A2ko ikasleei zuzenduta dago, baita iaz jaso zutenei ere, eta B1 mailari dagokionez, lehen erdia, B1A2 hartzen du bere gain. Ikaslearen hasierako maila kontutan hartuta, eskola-ordu kopuru bat eta orduok jasotzeko epe bat izango du ikasle bakoitzak. Hala, 0tik abiatzen den ikasleak 720 eskola-orduko bonua izango du gehienez ere lau ikasturtetan erabiltzeko; A2 maila duen ikasleak berriz, 200 eskola ordu izango ditu finantzatuta ikasturte honetarako. Lehen ikasturteak ikasleak gehienez ere 120 euro ordainduko ditu matrikulatzeagatik eta hortik aurrera ez du ezer ordainduko bonuko orduak agortu arte. Iaz jada A1 edo A2an aritu zirenek ez dute ezer ordaindu beharko baina iazko eskola orduak kontutan hartuko zaizkio. Euskara bonua ikastaroaren hasieran eskatu beharko da euskaltegian, inprimakia beteta. Ikasle bakoitzak behin eskatu ahal izango du eta ezingo du ez eten ezta erabilera epea luzatu ere.
Euskara bonuaz haratago HABEk eta udalek ere dirulaguntzak ematen dituzte euskara ikasteko bidea erraztu eta zama ekonomikoa arintzeko. Oñatin, esaterako, iraupen luzeko langabeek doan ikasi dezakete eta urteko aprobetxamendua ziurtatzen duten ikasleei matrikularen erdia itzuli die Udalak, orain arte. HABEk ere maila gainditzen dutenei matrikularen zati bat itzultzen die. Xehetasun horiek eman zituzten eskualdeko udal euskaltegietako zuzendari eta arduradun politikoek Arrasaten, atzo arratsaldean, tartean Ernesto Murgiondo Oñatiko irakaslea eta Iñaki Olalde Euskara batzordeburua. Eskualdean bost herritan daude udal euskaltegiak: Oñatin, Arrasaten, Bergaran, Aretxabaletan eta Eskoriatzan eta guztietan euskara ikasi edo hobetzeko herritarrek dituzten nahi eta beharrei erantzuten saiatzen dira; herritar bakoitzaren helburuei, ikasteko moduei eta egoera pertsonalari erantzuten saiatzen dira.
Ordutegi aukera zabala dute, goizean goizetik hasi eta iluntzera arteko txandekin. Horrez gain, eskualdean astean bi, hiru zein lau eguneko ikaskuntza-erritmoak aurki daitezke. Helburuei dagokienez, euskarako tituluak lortzeko taldeez gain, maila hobetu nahi dutenei, giro euskaldunean integratu nahi dutenei zein lehen urratsak eman nahi dituztenei bideratutako ikastaroak ere izaten dituzte. Baina egokiena udal euskaltegian bertan galdetzea da. Gogoratu ostiralean, hilaren 18an amaituko dela izen-ematea Oñatin eta bitartean, 9:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:30etara bulegoan izango direla, Eltziako bigarren solairuan. (Telf: 943 78 24 86).
Oñatiko Udal euskaltegian 70en bat ikasle eta hiru irakasle aritu ziren aurreko ikasturtean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!