Oñatiko udala

Ia 22,5 milioi euroko aurrekontua proposatu du udal gobernu taldeak datorren urterako

2025/11/20
Card image cap
2,4 milioi euro pasako partida berezitu da inbertsioetarako eta aurrezki arrunt positiboa 2 milioi eurokoa izatea aurreikusten da

  Udal gobernu taldeak 2026rako osatu duen aurrekontu proposamena prentsaurrean aurkeztu du. Oposizioaren esku dago proiektua eta abenduaren 18an egingo den Osoko Bilkuran eztabaidatu eta onartzea espero da. Sailen arteko oreka mantenduz eta Oñatik eta, orokorrean, gizarteak planteatutako erronkei erantzun asmoz, herria hobetzen jarraitzeko aurrekontu proposamena landu dutela adierazi du alkateak aurkezpenaren hasiera. Datu orokorrak ere aipatu ditu: 22.495.557 euroko aurrekontua, aurtengoa baino %1,86 handiagoa; inbertsioetarako, 2,4 milioi euro pasako partida, azpiegiturak sortzen edo hobetzen jarraitzeko; apur bat gora egingo du gastu estrukturalak, zerbitzu publikoak hobetzen jarraitzearen edota lan hitzarmen berriak aplikatzearen eraginez eta 2 milioi euroko aurrezki arrunt positiboa, aurengoa baino %11,5 handiagoa, Udalaren egonkortasun ekonomikoa bermatuz.

  2026ko aurrekontuen proposamena aletuz, kultura eta kirol eragileei nahiz auzoetako jai batzordeei zuzendutako dirulaguntzak % 5 jasotzea aurreikusten dela azaldu da. Eta bereziki indartuko dira Oñatiko abesbatzaren 60. urteurrena eta Atzek kaleko jaien 100.a ospatzeko udal laguntzak, edota egonkortzen ari den blues jaialdiari zuzendutakoa. Ondoren, proiektu zehatzak zerrendatu ziren: irisgarritasun lanetarako 400.000 eroko partida proposatzen da eta kale Zaharra eta Otadui zuhaiztiaren arteko lanen lehen fasea egikaritzen hastea aurreikusten da. Era berean, Olaiturriko gunea egokitzen jarraituko da eta lurra konpondu eta bestelako esku-hartzetarako 125.000 euro bideratu asmo dira. Etxebizitzaren arazoari aurre eginez, oraingoz diru-partida handirik eskatzen ez duen lana iragarri zuen alkateak: Udalaren jabetzakoa den lursail batean etxebizitza eredu berri bat sortzeko azterlana.

  Sancti Spìritus unibertsitatea eraberritzeko lanak atzeratu egin direla eta, bertan egokitu nahi ziren ikasketa gelen alternatiba gisa ikasketa gune berri bat sortu asmo da Eltzian, eta horretarako 120.000 euroko partida gordeko da eta beste 80.000 euro izango dira Jubilatuen etxea hobetzeko lanekin jarraitzeko. Pake Lekuko irisgarritasuna hobetzeko lanak egiten ari dira, aurten balkoiak konpondu eta emergentzia irteerak hobetzeko asmoa dago, eta datorren urtean sutearen aurkako instalazioa hobetu nahi da. Bestalde, legealdi honetan lantzen ari diren zaintza planerako eta harrera plan integralerako 40.000 eta 30.000 euro bideratuko dira, hurrenez hurren. Gazteentzako aholkularitza psikologikorako zerbitzu pilotua ere martxan jarri nahi da.

  Beste partida azpimarragarri batzuk ere jaso dira 2026ko udal aurrekontuen proiektuan: 300.000 euro partaidetzazko aurrekontuei lotuta, 170.000 ikastetxeei zuzendutako dirulaguntzak eta hezkuntza komunitateko eragileen arteko elkarlan proiektuetarako, 35.000 euro musika eskolako birgaitzeetarako, 15.000 ondarearen diagnostiko eta mantenu lanetarako…Datorren urteko planen baitan Oñatik argindar merkaturatzailearen sorrera ere gogora ekarri da prentsa agerraldian.

  Udal gobernu taldearen proposamena oposizioari helarazi zaio eta EAJren ekarpenak jaso eta aurrekontu bateratuak adosteko negoziazio fasea hasi da orain.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!