Oñatiko udala

“Primi Erostarbe, itzalari dantza” liburu-diskoa aurkeztuko da larunbatean Kultur Etxean

2025/11/20
Card image cap
Itziar Ugarte kazetariak idatzi du

  Primi Erostarbe, Araotzen jaiotako panderojole, irrintzilari, koplari eta zubigilearen bizitza jaso da Primi Erostarbe, itzalari dantzan liburu-diskoan. Lana Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen soinuaren liburutegia bildumako 18. alea da eta Udalaren dirulaguntzaz osatu da. Liburu-diskaren aurkezpena larunbat eguerdian egingo da zine aretoan; aurretik, kalejira antolatu da Santa Marina plazan.

  1907an jaio eta orain 30 urte, 1995ean hil zen Primi Erostarbe. Gurasoengandik ikasi zuen panderoa jotzen eta Araotz inguruko koplari tradiziotik edan zuen. Lehen agerraldia Pasaian egin duen, San Fermin Txiki egun batez. Ordutik aurrera, plazaz plaza ibili zen. Irrintzilaria ere izan zen eta irrintzi berezia zuela diote garaiko kronikek. Gerra zibil ostetik 80ko hamarkada arte Valentin Aldalurrekin batera ibili zen. Goizaldi eta Argia dantza taldeekin ere aritu zen 20 urtez. Euskal Herri osoan. Europako herrialde batzuetan ere jo zuen panderoa. 1982ko San Martin egunean jo zuen azken aldiz jendaurrean. Zubigilea ere izan zen Primi, 70. hamarkadan suspertzen ari zen kultur munduarekin lotu baitzuen trikitixaren tradizio zaharra. Hil eta hurrengo urtean, 1996an, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak omenaldia eskaini zion Gernikan eta Oñatin ere, aitortza egin zion Lizargarate Trikiti Elkarteak, 2010ean. Orain, beste herritar batek, Itziar Ugartek ondu du araoztarraren bizitzaren inguruko liburua.

  Proiektu hau aurrera ateratzeko Udalaren laguntza izan du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak; urriko Osoko Bilkuran onartu zen bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmenaren babesean 4.000 euroko dirulaguntza bideratu baita egitasmora.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!