Oñatiko udala

Ikastetxe eta mailaren arabera bihar eta etzi artean hasiko da ikasturtea Oñatin

2017/09/06
Card image cap
Urgain-Errekalden eta Zuazola-Larraña institutuan zuzendaritza talde berriak hasi dira lanean

  Ikasturte hasiera ezberdina izango dute herriko ikasleek aurten ere. Errekalde herri eskolan eta Txantxiku ikastolan bihar hasiko dira haur eta lehen hezkuntzan. Ikastolako bigarren hezkuntzako ikasleek berriz, aurkezpen saioak izango dituzte bihar eta eskolak etzi hasiko dituzte. Zuazola- Larraña institutuan ere, bihar aurkezpena eta etzi eskolak hasiko dituzte. Ikastolan aurkezpenak 11:00tan egingo dira eta institutuan 12:00tan. Elkar Hezin aldiz, etzi hasiko dute kurtso berria haur eta lehen hezkuntzan eta nagusienek aurkezpenak izango dituzte, DBHkoek 10:00tan eta batxilergokoek, 10:30tan.

  Hastear dagoen 2017-2018 ikasturtea berezia da Txantxiku ikastolan, Kilometroak jaia ospatuz 50. urteurrenari amaiera emango baitiote irailaren 24an. Lanean hasi berri dira bestalde, Urgain-Errekalde eta Zuazola-Larraña institutuko zuzendari berriak; Ines Zubia Errekalden eta Itziar Agirre institutuan. Baina buruak ez ezik, zuzendaritza talde osoa berritu da herriko ikastetxe publikoetan. Eta instalazioak hobetzeko lanak ere egingo dira bertan: Errekalden teilatua inpermeabilizatzeko lanak egingo dira irailean zehar eta Larraña institutuan, galdara eta berokuntza sistema berritzeko lanak.

  Herriko ikasleek eskola agenda berria izango dute laster eskuartean. Haur eta gaztetxoentzako erreferente diren Gaztelekuko hezitzaileak, igerilekuko monitoreak edota haur liburutegiko arduraduna dira protagonista, garai bateko barkilleroa, Galartzatar ahizpak, Jerardo Elortza edota Andres Arlanzonekin batera. Herriko pertsonaiak, historia eta ondarea ikasleen artean zabaltzea da eskola agenda honen helburuetako bat. Herriko 15 gazte aritu dira Itziar Bastarrika eta Ane Agirreren gidaritzapean agenda lantzen. 1200 ale argitaratu dira.  Liburuxka  ikasleek erabili ohi dute nagusiki baina irakasle eta gurasoek ere badute bere atala, oharrak elkarri jakinarazteko. Eskola agendak 6000 euro pasako aurrekontua izan du eta udalak eta herriko ikastetxeek ordainduko dute; udalak, maketazio eta argitalpen kostua hartu du bere gain eta ikastetxeek, ikasleekin landu den proiektuaren kostua.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!