Ikastetxe eta guraso elkarteei zuzendutako udal dirulaguntzak martxoaren 30era bitartean eskatu daitezke
Oñatiko ikastetxeei zuzendutako dirulaguntza hauetan eskaerak baloratzeko irizpide berri bat txertatzea onartu zen urtarrileko Osoko Bilkuran: Natur eskola zerbitzuaren erabilera, hain zuzen ere. Aurrerantzean, beraz, ikasle kopurua, aurkeztutako ekintza programa eta hizkuntza normalkuntzarako errefortzu egitasmoak ez ezik, Natur eskolaren erabilera ere kontutan hartuko da. Guraso elkarteen kasuan, berriz, gauzatuko den ekintza programa baloratzen da. Izan ere, arlo akademikotik kanpo ikastetxeek aurkeztutako proiektu hezitzaileak eta guraso elkarteen jardun hezitzailea sustatzera zuzendutako dirulaguntzak eman ohi dituen Udalak, urtero.
Astelehenean ireki zen dirulaguntza hauek eskatzeko hilabeteko epea. Eskaerak, telematikoki, udaleko erregistro elektronikoan, edo HAZ zerbitzuan aurkeztu daitezke, hilabeteko epean, hau da, martxoaren 30era arte. Jasotako eskaera guztiak aztertuta dirulaguntzen ebazpena egingo da eta onartutakoaren % 60a ordainduko da. Gainontzekoa, egindako ekintzen zuriketa aurkeztu ondoren ordainduko da, udazkenean. Ikastetxeek eta guraso elkarteek irailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dute burututako ekintzen likidazioa. Dirulaguntza orain eskatu arren, 2025-2026 ikasturtean egin diren edo egingo diren ekintzei dagokio.
Herriko ikastetxe eta guraso elkarteei eskaintzen zaizkien dirulaguntzak aspalditik ematen ditu Udalak. Norgehiagoka prozedura bidez emateko ordenantza 2002an onartu zen baina hainbatetan eguneratu dira, 2017an eta 2024an. Azken doikuntza aurten bertan, egin da, eskaerak baloratzeko irizpideetan puntu berria txertatuta, esan bezala.
Ikastetxe eta guraso elkarteek ikasturterako dituzten egitasmoak aurkezten dituzte eta horren araberako dirulaguntza jasotzen dute, beti ere, diru-muga baten barruan. Herriko ikastetxeek eta bertako guraso elkarteek eskola jardueraz kanpo gauzatuko dituzten ekimenetarako 107.700 euroko diru partida dauka aurten Udalak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!