Ikastetxe eta gaztetxoen jolasgune inguruetako airearen kalitatea ona da Oñatin

Airearen kutsadura neurtzeko parametro ezberdinak daude eta Oñatin, trafikoarekin lotura zuzena duen nitrogeno dioxidoa (NO2) neurtu da. Era berean, erakunde ezberdinen arabera aldakorra da finkatutako aire kutsaduraren gehiegizko maila. Europako legediak edota Osasunaren Mundu Erakundeak, esaterako, muga ezberdinak zehazten dituzte; zorrotzena OMEarena da, 10 µg/m³. Oñatin aurreko ikasturtean jaso ziren laginek, bataz beste, 8,5 µg/m³ dentsitatea eman dute. Guztira 25 neurgailu jarri ziren herriko ikastetxeetako hainbat lekutan eta gaztetxoek elkartzeko eta jolas egiteko erabiltzen dituzten topaguneetan eta lau astez mantendu ziren. NO2 dentsitatea 10etik behera geratu zen 19 lekutan, seiretan, berriz, 10 eta 20 artean, hau da, Europako zuzentarauek 2030erako proposatzen duten kopuruaren azpitik. Emaitzak, orokorrean, oso onak izan direla esan da goizeko aurkezpenean, baina zer hobetua badagoela onartu da.
Hezkuntza eremuetara etorrita, trafiko pasagune garrantzitsuak diren Elkar Heziko LH eraikin aurrealdean eta Txantxiku ikastola eta Zubikoa kiroldegi arteko errepide inguruan jaso dira daturik okerrenak (10-11 µg/m³ artekoak). Alde horretatik, eskolara oinez, bizikletan edota patinetean joateko eskaera egin zaie ikasleei, jakitun izanik, autoen erabileran eragitea nagusiki gurasoei eta helduei dagokiela. Baina bakoitzari bere ardura maila eskatuz, herriko plaza eta kaleak zikintzen duten zaborra ez botatzea eskatu zaie aurkezpen ekitaldira joan diren haurrei.
Izan ere, aire kutsaduraren neurketa proiektu honetan herriko hiru ikastetxeetako LH5 eta 6. mailako ikasleek zuzenean parte hartu zuten iaz, neurgailuak jarriz eta material didaktikoa landuz; goizean udaletxeko areto nagusian egin den emaitzen aurkezpenean ere ikasleak egon dira. Hiru ordezkarik egindako lanaren laburpena egin dute eta ondoren emaitzak ikusi dira. Azkenik, irakasleen ordezkariek hitza hartu dute, azterlana oso motibagarria izan dela azalduz eta, ahal den neurrian, halako hurrengo lanak ikasturtearekin batera hasi eta bukatu daitezela eskatuz. Alkateak guztiei eskerrak eman dizkie.
Udalerri bateko ikastetxe guztien inguruko airearen kalitatea aztertzeko esperientzi hau aitzindaria izan dela Gipuzkoa mailan.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!