Oñatiko udala

Ikasleek material birziklatuaz egindako eskulanak eta LED argiz osatutako Gabon apaingarriak jarriko dira aurten plazan eta kaleetan

2011/12/01
Egitasmoaren helburu nagusia energia eta baliabideen erabilera arduratsua uztartzea da.

  Udal gobernuak Eguberri garaian ematen den argiteri, apaingarri eta gehiegizko kontsumoaren inguruko hausnarketa egin du. Espazio publikoak apaintzeko, energia eta baliabideen erabilera arduratsua uztartzen duen egitasmoa abian jartzea erabaki du.

  Ekimenaren helburu nagusia, energiaren aurrezpena eta materialen berrerabilpena da. Baina bide batez, enparantza eta kale nagusiak apaindu nahi dira herriko ikasleen partaidetzarekin. Hala, herritar gazteenei energia eta hondakinekin dagoen arazoa azalduko zaie berrerabileraren aldeko apustua egin dezaten animatuz. Bide horretatik, hausnarketa herritar ororengana zabaldu nahi da. 

  Egitasmoa gauzatu ahal izateko, herriko ikastetxeen zuzeneko laguntza eskatu da eta ostalariei eta herritarroi ere parte hartzeko gonbidapena luzatu zaie.

  Lehen Hezkuntza eta DBHko ikasleek, material birziklatua erabiliaz kale eta plazetan jarriko diren apaingarriak egingo dituzte. Aurten, plastikozko botilak eta CD-ak erabiliko dira. Ostalariei, hustutako botilak batzea eskatu zaie eta herritarroi berriz, baztertutako CD erabiliak udal eraikinetara eramatea. CDak, udaletxean, kultur etxean, euskaltegian, Ongizate departamentuan, Bidebarrietako lokalean alegia eta Olakuako dorretxe honetan bertan jasoko dira abenduaren 12ra arte. Hurrengo egunean jada apaingarriak prestatzen hasiko dira eta abenduaren 19 eta 20 bitartean, plaza eta kaleetan jarriko dira.

  Apaingarriak osatzeko materiala aukeratzerakoan, urtetik urtera erabili ahal izatea, hau da, euria eta haizearekiko erresistenteak izatea baloratu da, baita, erabilterrezak izatea ere. Iraunkortasunaren alde egin da, berrerabilpena bultzatuz eta kontsumo baxuko led-argiak erabiliaz.

  Egitasmoa osatuz, ekimenean parte hartuko duten ikasleei halako aurkezpen bat egingo zaie, energia, hondakinen sorrera, klima-aldaketa, ekosistemen galera eta beste hainbat kontzeptuen arteko lotura azalduz.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!