Oñatiko udala

184 lagunek eman dute izena eskulan ikastaroetan

2025/10/23
Card image cap
Gaztetxoentzako pintura talde berria sortuko da, asteazkenetan, 17:00etan; zeramikako gazteen taldeak handitu dira, plaza bana gehituta

  178 plaza eskaini ziren pintura, zeramika eta pintura dekoratibo ikastaroetan baina modu ezberdinean osatu dira taldeak eta 146k plaza lortu dute, beste 38 itxaron zerrendetan geratu dira. Gaztetxoei zuzendutako taldeetan sortu dira itxaron zerrenda horiek, bereziki: zeramikan; pintura dekoratiboan, asteazkeneko lehen taldean; eta pinturan, asteazkenetako eta ostiraleko azken bi taldeetan. Helduei zuzendutako ikastaroetan, berriz, zeramikako goizeko lehen taldean eta pinturan, 16:00etako taldean ere, plaza guztiak beteta, hainbat lagun geratu dira itxaron zerrendan. Plazen esleipena zozketaz egin da beharra izan den taldeetan. Plaza eskuratu eta itxaron zerrendetan geratu direnen izen-abizenak Kultur etxe harreran eta udaleko web atarian ikusgai daude.

  Talde berri bat sortzeko aukera ere jakinarazi da. Bereziki pinturan gaztetxo asko kanpoan geratu direla ikusita beste talde bat sortzeko aukeraz galdetu diote irakasleari eta asteazkenetan, 17:00etan, talde berria eratzea erabaki da, horretarako aukera eskainiz. Azken talde honetan parte hartzeko izen-emateak kurtso hasiera atzeratu badezake ere, orokorrean, ikastaroak azaroaren 3ko astean hasiko dira, bakoitzari dagokion egun eta ordutegian, Bidebarrieta kaleko 22an dauden eskulanetarako udal lokaletan. Ikastaroen matrikula kargua berriz datozen egunetan egingo da, izena ematerakoan jakinarazi ziren kontu korronteetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!