Ikamak deitutako grebarekin bat egin dute bigarren hezkuntzako ikasle nagusienek
15-16 urtetik gorako herriko ikasleen gehiengoak bat egin du Ikama taldeak gaurko deitu duen grebarekin. Batzuk lehen bi eskola orduen ondoren irten dira kalera, Txantxiku ikastolan eta Oñatiko institutuan, esaterako, Elkar Hezikoak ez dira eskolara joan. Ikastetxearen arabera baita ere, DBH-3 edo 4. mailatik gorako ikasleen gehiengoa batu da gaurko mobilizazioetara; deialdiak horixe proposatzen zuelako, 12:00etan hiriburuetan egin diren mobilizazioetan parte hartzea, alegia.
Euskararen aurkako oldarraldi betean, euskararen aldeko olatu berri bat sortu behar dela eta ikasleak lehen lerroan egon behar dutela dio Ikama ikasle erakundeak gaurko greba deialdiaren harira plazaratu duen oharrean. Euskarak, Espainia eta Frantziaren markoetatik at, euskal hezkuntza euskaldun propioa behar duela diote eta horixe da gaurko deialdiak izan duen leloa: Gure hezkuntza, euskalduna.
Hizkuntza gutxituen funtzionamendurako eta biziraupenerako ezinbesteko tresna da transmisioa, eta hezkuntzak paper garrantzitsua jokatzen du horretan Ikamaren hitzetan. Ikasle erakundeak aldarrikatu du hezkuntza euskaldun bat ikasle antolakuntzaren bidez soilik lortuko dela, hezkuntza eremutik eta ikasle subjektua erdigunean jarrita.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!