Oñatiko udala

Iaz emandako dirulaguntzen zuriketak aztertuko dira arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean

2026/02/05
Card image cap
Garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako eta nekazal ustiaketak modernizatzeko eskaerak azalduko dira, besteak beste

  Udalak eman ohi dituen dirulaguntzak egoki bideratu eta erabili direla egiaztatu behar dute onuradunek, agindutakoaren bigarren zatia jaso ahal izateko. Urte akabera aldera aurkeztu behar dituzte dirulaguntzen zuriketa dokumentuak eta halako zenbaiten berri emango da gobernu taldearen gaurko bileran. Garapenaren aldeko nazioarteko lankidetza arloan lau dirulaguntza lerro bereizten ditu Udalak eta horietako hiruri dagozkion likidazioak azalduko dira arratsaldean, lankidetzako ekintza edo ekimen puntualetarako, herrian heziketa eta sentsibilizazio jarduerak egiteko eta larrialdiko laguntza eta ekintza humanitarioko proiektuak finantzatzeko dirulaguntzak, hain zuzen.

  Udaleko Euskara departamentuak ere iaz eman zituen dirulaguntzen berri emango da arratsaldeko bileran. Landa Garapena batzordearen eskutik, bestalde, nekazal ustiaketak modernizatzeko dirulaguntzen iazko deialdira aurkeztu ziren eskaerak aztertuko dira, laguntzen ebazpena erabakitzeko.

  7 puntuko lan zerrenda osatu da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrerako eta gehienak, iazko dirulaguntzen harira datozen gaiak dira, esan bezala.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!