Ia 39.000 euro ordaindu beharko ditu Udalak, mantentze lanetako langile ohi baten osasunean eragindako kalteengatik
Eibarko Instantzia Auzitegiko Lan Arloko Sekzioak Oñatiko Udala zigortu du mantentze-lanetako langile ohi bati 38.678,50 euro ordaintzera, erantzukizun zibilaren kontzeptuan, baja laboral luze batean pairatutako kalteengatik. ELAren lan-osasuna sustatzeko Bidelagun fundazioak aurkeztu zuen Udalaren aurkako demanda. Eman berri den epaiak ondorioztatzen du Udala dela langilearen urte eta erdiko baja egoeran jasandako kalteen erantzule.
Ebazpena aurrez emandako beste bi sententzietan oinarritzen da. Haietan zehaztu zen baja medikoa lan-istripu baten ondorio zela. Zehazki, auzitegiak frogatutzat jo zuen Udalak ez zuela langilearen postua egokitu nahiz eta produktu kimikoak manipulatzeko eta haien eraginpean egoteko mugak zituen. Iazko uztailean langile baten osotasun fisikorako eskubidea urratzeagatik zigor bikoitza jaso zuen Udalak. Ildo berari jarraituz hirugarren sententzia eta zigorra iritsi da, Udalari leporatuz langileari eragindako kaltearen sorreraren erantzukizuna.
Bidelagun fundazioa eta ELA pozik agertu dira epai honekin, eta gogorarazi dute zein garrantzitsua den lan-ingurune seguruak bermatzea eta lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudia betetzea.
Udalak bere aldetik ez du adierazpen berririk egin nahi izan eta orain urtebete esandakoei heldu die, osasun, segurtasun eta lan arriskuen prebentzio enpresak (Quiron) egindako gomendioak uneoro jarraitu zituela eta Udalak beti bilatuko du langileen segurtasuna bermatzea eta horretarako neurriak hartzea.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!