Ia 112.600 euroko gastua onartu da herriko ikastetxe eta guraso elkarteei zuzendutako udal dirulaguntzetan
Berrikuntza hori txertatu da aurten ikastetxeei zuzendutako dirulaguntzak baloratzeko irizpideetan, Natur eskola zerbitzuaren erabilera, hain zuzen ere. Oñati BH Institutuak, Urgain Herri Eskolak, Elkar Hezik eta Txantxiku ikastolak erabili dute Natur eskolaren zerbitzua eta horren ordainketara 17.000 euro bideratzea onartu du Udalak.
Bestela, ohiko jarduera akademikotik kanpo herriko haurren heziketan osagarriak diren ekimenak diruz laguntzen ditu Udalak. Ikasle kopurua, ekintza programa eta hizkuntza normalizazioa atalak dira ikastetxeei zuzendutako dirulaguntzen banaketarako irizpide nagusiak baina beste batzuk ere kontutan hartzen dira, antzerkigintza edota gurasoen formazioa, esaterako. 18 urtera arteko heziketa eskaintzen duten ikastetxe guztiek eskatu dute udalaren dirulaguntza eta, denera, 91.300 euroko laguntza bideratuko zaie. Guraso elkarteei zuzendutako dirulaguntzetarako 3 eskaera jaso dira: Urgain herri eskola, Oñati institutua eta Elkar Hezi ikastetxean diharduten guraso elkarteen izenean. Hauei, denera, 4.139 euro banatzea erabaki da.
Onartu diren diru-laguntza hauen % 60a ordainduko da orain, 57.265 euro. Gainontzekoa, fakturen bidez egiaztatuko den likidazioa egiterakoan. 2025-2026 ikasturteari dagokion kontu kitatzea, irailaren 30a baino lehen egin beharko dute.
Herriko ikastetxe eta guraso elkarteei eskaintzen zaizkien dirulaguntzak aspalditik ematen ditu Udalak. Norgehiagoka prozedura bidez emateko ordenantza 2002an onartu zen baina hainbatetan eguneratu dira, 2017an eta 2024an. Azken doikuntza aurten egin da, eskaerak baloratzeko irizpideetan Natur Eskolaren erabileraren puntua txertatuta, esan bezala.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!