Ia 100 mila euro banatuko dira Udaleko Kultura departamentuak kudeatzen dituen dirulaguntzetan
Udaleko Kultura departamentuaren dirulaguntzen deialdian bi laguntza lerro biltzen dira: kultur proiektuak eta programak gauzatzeko 80.850 euroko diru poltsa izango da batetik, eta kultur sormen lanak egiteko 18.480 euroko beste poltsa bat izango da. Dirulaguntza hauek %5 pasa jaso dira, 2026ko udal aurrekontuak onartu zireneko Osoko Bilkuran iragarri bezala.
Kultur proiektuak eta programak gauzatzeko dirulaguntzak, kultur arloko ekintza bat edo programazio oso bat antolatzen duten talde eta erakundeek eskatu ditzakete. Beti ere proiektua Oñatin gauzatzen bada. Ez dira kontutan hartuko udalaren beste dirulaguntzaren bat eskuratzen duten ekintzak. Proiektu eta programak gauzatzeko eskaerarekin batera, elkarteko arduradunaren nortasun agiria eta banketxe edo aurrezki kutxa batek emandako agiria aurkeztu beharko dira. Eskariak baloratzerakoan, proposatutako programaren ezaugarriak, eskaera egin duen erakundearen ibilbidea eta ezaugarriak eta dituen finantza baliabideak hartuko dira kontuan.
Kultur sormen lanetarako dirulaguntzen deialdia berriz, Oñatiko sortzaileei zuzenduta dago, talde eskatzailearen erdiak edo banakako eskatzaileak Oñatin erroldatuta egon beharko baitute. Dirulaguntza hauekin musikagileen maketen grabazio eta edizioa, komiki, fanzine edo bestelako kultur argitalpenen edizioa, antzezlan edo ikus-entzunezko lanen produkzioak edota bestelako sorkuntza formatu gauzatzea babestuko da. Dirulaguntza hauek banatzerakoan, herriko giza zein kultura ondareari egiten dion ekarpena, talde edo eragile ezberdinen arteko elkarlana, euskararen erabilpena sustatzea, genero ikuspegia txertatzea, taldearen egonkortasuna eta argitalpenaren kalitatea, kopurua eta aurrekontua hartuko dira gogoan, besteak beste.
Kasu guztietan, proiektuak diruz babestea erabakitzen denean, dirulaguntzaren % 60a ordainduko da. Eta gainontzekoa, egindako lanaren likidazioa aurkezten denean. Kontu zuriketa egiteko azken eguna azaroaren 20a izango da. Oñatin kultur proiektuak eta programak gauzatzeko nahiz oñatiarrek kultur sormen lanak egiteko dirulaguntza hauetarako eskaerak elektronikoki egin behar dira, www.oñati.eus webgunearen bidez apirilaren 10era bitartean. Iaz, 34 elkarte eta kolektibo izan ziren dirulaguntza hauen onuradunak. Sormen dirulaguntzei dagokionean hainbat diskok, bideoklipek, liburuk eta erakusketek jaso zuten udalaren laguntza.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!