Oñatiko udala

Ia 10.000 euroko dirulaguntza jasoko du Udalak Foru Aldunditik, indusketa eta ikerketa arkeologikoetarako

2025/10/20
Card image cap
Indusketa Jaturabe IXan
Jaturabe IX koban EHUko ikerlarien kanpainak sustatzera bideratuko da

  Naroa Garcia eta Ekaitz Arrieta historia lizentziatuek 2018an hasitako ikerketa bidea jarraitu ahal izango dute datorren urtean ere, 2025 eta 2026 kanpainetarako Foru Aldundiaren dirulaguntza lortu baitu Udalak.  4.756 euro aurten eta beste 4.945 euro datorrenean bideratuko dira Donostiatik Jaturabe IXan egiten ari diren indusketetara, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako Foru Departamentuak ebatzi duenez. Oñatiko Udalak egindako eskaera da baina honek, Euskal Herriko Unibertsitatearekin duen lankidetza hitzarmenaren bitartez bideratzen du. Izan ere, 2019ko urte akaberan erabaki baitzuen Udalak EHUko Historiaurrearen Ikerketa Taldearekin lankidetza hitzarmena sinatzea, udalerrian dauden aztarnategi arkeologiko eta paleontologikoetako ondarearen ikerketa eta dibulgazioa sustatzeko. Lankidetza hitzarmen horren baitan urtero antolatzen dira baita ere Oñatiko Unibertsitatea Arkeotopaketak.

  Oñatiko Udala eta EHUaren arteko lankidetza hitzarmena 2019an onartu zen eta 2024an beste lau urtez luzatzea erabaki zen, baina luzapen hori urtez urte gauzatzen da. Azkena, 2025ari dagokiona, orain hilabete onartu zen Tokiko Gobernu Batzarrean. Udalak 12.000 euro bideratuko ditu, prestakuntza, kontserbazio, ikerketa, aholkularitza eta dibulgazio lanetarako. Dibulgazioaren arlo horretan aipagarria da ostegunean, urriak 23, Araozko elkartean izango den hitzaldia: Naroa Garcia eta Ekaitz Arrieta, Jaturabe IX aztarnategiko zuzendariek, koban egiten ari diren indusketez eta aurkikuntzaz berba egingo dute. Hitzaldia 18:00etan hasiko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!