Oñatiko udala

Hotz Oñatik oparitutako horma irudi baten desagertzea salatu du Urgain eskolak

2025/07/09
Card image cap
Desagertutako horma-irudia
Halako beste bat lapurtu zuten, iaz

  Sare sozialen bidez zabaldu du desagertzearen berria Urgain Herri Eskolak. Ikastetxe kanpoaldean zegoen horma-irudia lapurtu dute, eta dirudienez, apurtu ere bai, kale garbitzaile batek hainbat zati topatu zituela adierazi baitu. Irudi handia zen, metro pasa altuera eta bizpahiru metro zabal, eta Migrazioa guztion eskubidea sentsibilizazio kanpainaren baitan sortu zen, 2023an. Ekintza hartan herriko ikastetxeek eta hainbat artistek parte hartu zuten. Orduan sortutako bost irudi jaso zituen Urgain eskolak opari eta eraikin kanpoaldean jarri ziren hiruretatik bi desagertu dira. Geratzen den horma-irudia lekuz aldatzeko asmorik ez dutela adierazi digute zuzendaritza taldetik, agerian eta jende guztiak ikusteko moduan egoteko sortua izan zela argudiatuta. Helburua hori baitu, egunero Europarako bidea hartzen dutenen errealitatea ezagutu eta horretaz jabetu gaitezen.

  Horma-irudia desagertu bezperan, hainbat grafritiz zikinduta agertu zen; atzo goizean, berriz, ez zegoen eskolako patiora ematen duen horman. Gertatutakoaren berri emango zaio Udaltzaingoari eta herritarrentzat zabalik izaten den jolasgunearen zaintza areagotzea eskatuko zaio, halakoak errepikatu ez daitezen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!