Hotz Oñati mantak eta neguko arropak batzen ari da Turkia eta Siriako lurrikaretan kaltetuentzako

2023/02/13
Card image cap
Materiala kiroldegian utzi daiteke

  Bizkaiko DYArekin elkarlanean hasi da Hotz Oñati taldea Siria eta Turkiarako materiala batzen. Guztia galdu eta kale gorrian geratu direnentzako mantak, lozakuak, neguko txamarrak, txanoak eta eskularruak jasotzen hasi dira. Zubikoa kiroldegiko sarrerakoan materiala uzteko kaxa jarri dute. Mantak eta neguko arropa larunbatera arte batuko da kiroldegiak duen ordutegian, astelehenetik ostiralera 7:30etatik 21:30etara eta larunbatean, 9:00etatik 13:30etara eta 15:00etatik 19:30etara. Oñatin batzen den materiala Bilbora eramango da eta DYA Bizkaia arduratuko da pasa den asteko lurrikarek kaltetu duten herrialdeetara helarazten, Siria eta Turkiako kaltetuengana helarazten. Mantak, lozakuak, neguko txamarrak, txanoak eta eskularruak eskatzen dira.

  Pasa den astean jada Laboral kutxan kontua aktibatu zuen (ES08 3035 0005 3300 50078053) Hotz Oñatik herritarren laguntza ekonomikoa bideratzeko. Siria kontzeptua jarrita jasotzen den diru guztia Turikia eta Siriako kaltetuengana bideratuko da, lurrikarek bereziki suntsitu dituzten lurraldeetan lanean ari diren Gobernuz Kanpoko Erakundeen bitartez.

  Hirugarren laguntza ekintza antolatu du Hotz Oñatik ostiralerako. Kasu honetan premiazko elikagai bilketa egingo da herriko lau denden lankidetzarekin. Zaporeak elkarteak larunbatean egin zuen bezala, Oñatin ostiralean egingo da elikagai bilketa San Migel kooperatiban, Errekalde eta Arantzazuko Ama kaleetako Eroski dendetan eta Olakuako Super BMn. Kasu honetan, arrain kontserbak, barazki eta lekale kontserbak, arroza, pasta, esnea eta gailetak jasoko dira. Eta Oñatin batutakoa Zaporeak elkartearen esku utziko da Siriako gatazkatik ihesi Turkiako mugan dauden errefuxiatuei helarazteko. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!