Oñatiko udala

Hots Abesbatza Torreviejako 38. Nazioarteko Abesbatzen Topaketan izango da, asteburuan

2026/09/24
Card image cap
Amaiera galan parte hartuko dute, Valentziako eta Errumaniako beste bi abesbatzekin

  Torreviejako abesbatzen topaketak nazioarteko izaera dauka. Bi egunetan, abesbatza-musikaren estilo eta proposamen desberdinak ezagutzeko aukera eskaintzen du, eta elkartuko diren bost abesbatzei beste talde eta abeslari batzuekin harremanak egin eta esperientziak partekatu ahal izatea. Hauek dira parte hartuko duten abesbatzak: Torreviejako Coral Francisco Vallejos, Alacanteko Orfeón Cantábile , Valentziako A Cau d’Orella-Cor de Dones, Errumaniako Sound Choir Buchares eta Hots abesbatzak.

  Lehen jardunaldia bihar izango da eta 20:00etan egingo den irekiera-galan Coral Francisco Vallejos, Alacanteko Orfeón Cantábile eta Orquesta de Cuerda Pulsada Cecilio Gallego taldeak arituko dira. Oñatiarrek eta Valentzia eta Errumaniako abesbatzek, larunbat arratsaldean kantatuko dute, amaierako galan, 19:00etan. Larunbat goizean, berriz, abesbatzen topaketa irekia egingo da.

  Hots abesbatzakoak ilusio handiz ari dira hitzordu berezi hau prestatzen eta taldearentzat garrantzitsua dela adierazi du Aitor Biain zuzendariak. Oñatitik kanpo abesteko eta, bereziki, beste herrialde eta lurralde batzuetako abesbatzekin agertokia partekatzeko aukera emango dielako. Torreviejako hitzorduak, gainera, Hots Abesbatzaren izaerarekin bat egiten duela azpimarratu dute, alegia, emakume-ahotsez osatutako abesbatzen lana bultzatu, ezagutarazi eta abeslarien musika-garapena sustatzen duelako.

  Hots abesbatzarentzat berria izango da Torreviejako eszenatokia baina ez taldekide guztientzat, Ganbara abesbatzak Torreviejako habanera eta polifoniako nazioarteko lehiaketan parte hartu baitzuen 2008an.
Oñatiarrek hegazkinez egingo dute bidaia eta Torreviejan asteburua pasako dute, bihartik igandera arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!