Oñatiko udala

Hots abesbatza Bulgariarako bidean dago, Varnako nazioarteko lehiaketan parte hartzeko

2025/09/11
Card image cap
Bihar eguerdian kantatuko dute, larunbateko Grand Prix saiora sailkatzeko helburuz

  Gogotsu abiatu dira Varnarako bidean Hots abesbatzako kideak, gaur goizaldean; bidaia luzea dute, 4:00etan abiatu dira eta 18:00ak arte ez dira iritsiko Itsaso Beltzako kostaldeko hiri horretara. Atseden hartuta bihar eguerdian kantatuko dute, ahots berdineko koruen modalitatean.

  Varnako nazioarteko abesbatzen lehiaketak lau modalitate biltzen ditu: haurren abesbatzak, ahots berdineko abesbatzak, ganbara abesbatzak eta ahots mistoko abesbatzak. Hots abesbatzarekin batera beste bi arituko dira ahots berdineko taldeen modalitatean baina, gutira, 11 taldek parte hartuko dute eta larunbateko Grand Prix saiorako txartela eskuratzen saiatuko dira guztiak. Hori buruan, bospasei kantuko bi errepertorio prestatu ditu Hots abesbatzak, Santa Ana aretoan domekan erakutsi zuten bezala. Biharko sailkatze saioan sei abesti eskainiko dituzte, lehiaketaren oinarriak jarraituz, doinu klasikoak, euskaldunak eta derrigorrezko pieza bat kantatuko dute. Lehiaketan ez ezik, beste kontzertu batzuk eskainiko dituzte oñatiarrek, Varna inguruko hainbat herritan.

  Lan handia, lan gogorra egin dutela adierazi digu Aitor Biain zuzendariak eta gogotsu doazela nazioarteko beste lehiaketa batean parte hartzera, hautatua izatea sari garrantzitsua dela aipatu digu. Ez da lehen aldia Hots abesbatza kategoria horretako lehiaketa batean aritzen dela, orain bi urte, Italiako Arezzoko lehiaketan parte hartu zuten. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!