Hondakinak ondo bereizteko kanpaina abiatu du Debagoieneko Mankomunitateak
Astean abiatu du Mankomunitateko Ingurumena departamentuak hondakinak ondo bereizteko kanpaina berria. Hondakinak ondo bereiztera animatuz esku-orriak, kartelak eta 30 segundoko spot-a egin dira. Astean hasi dira esku-orriak banatu eta kartelak Mankomunitateko zortzi herrietan jartzen eta Irene Murua saskibaloi jokalaria protagonista den spot-a sare sozialetatik zabaltzen. Datorren astean berriz, liburuxka informatibo bat aurkeztuko da, tokian tokiko bilketa sistema bakoitzaren ezaugarriak laburbilduz. Liburuxka sei hizkuntzetan argitaratuko da: euskara, gaztelera, ingeles, frantses, urdu eta arabiera. Udaletxeetara bidaliko dira erroldatzen diren bizilagun berriei banatzeko. Kanpainaren bigarren fasean bideo dibulgatzaile bat zabalduko da, Debagoienean biltzen den hondakin mota bakoitzaren ibilbidea laburbilduz. Kanpainaren helburua argia da, herritarrak kontzientziatu hondakinak bereiztearen garrantziaz, bide horretatik, kutsadura, kostuak eta tasak murriztu ahal izango baitira. Erronka ere garbia da: Debagoienean egun gaika biltzen den portzentajea handitu eta % 80ra iristea.
Mankomunitateak Debagoiena zirkularra txostena osatu zuen iaz. Proiektua trantsizio ekologikorako estrategian kokatzen da eta eskuadeko garapen eredu jasangarri, erresiliente eta ekonomia zirkularraren printzipioetan oinarritutakoa finkatzea du helburu. Egindako diagnostikoaren ondorioetan zehazten denez Debagoienak emaitza positiboak izan ditu gaikako bilketan eta hondakinen kudeaketan baina hobekuntza-marjina badago eta horretan eragin nahi da martxan jarri den sentsibilizazio kanpaina honen bidez.
Hiri hondakin osoarekiko gaikako bilketaren portzentajea ezberdina da Debagoieneko herrietan; iazko urtearen lehen 11 hilabeteetako datuak eskutan, bataz bestekoa %70,74a da baina Arrasaten, Elgetan eta Eskoriatzan kopuru horretatik behera daude. Aldiz, aipagarriak dira Antzuolako %76,53a, Gatzagako % 74,43a eta Oñatiko %74,1a.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!