Oñatiko udala

"Hizkuntzatik ehuntzen" jardunaldia bihar Enpresagintza Fakultatean, Korrika kulturalaren baitan

2026/03/26
Card image cap
Bailarako enpresetan hizkuntza planak praktikan nola garatzen diren aztertu eta etorkizuneko erronkak identifikatzea da xedea

  Enpresagintza fakultateak Korrika kulturalaren eskaintza espazio formaletik osatu nahi izan du Hizkuntzatik ehuntzen jardunaldia antolatuz. Bihar arratsaldean burutuko den jardunaldi honek bigarren sektoreko errealitatea mahai gainera ateratzea du helburu. Bailarako enpresa gehienek landua dute euskararen erabilera eta barne zein kanpo harremanetarako oinarrizko plangintza dokumenturen bat. Horiek praktikan nola gauzatzen diren aztertu nahi da. Hitz gutxitan, ekimenaren helburua da bailarako enpresetan hizkuntza politikak eta hizkuntza planak praktikan nola garatzen diren aztertzea, erakunde ezberdinen esperientzia errealak oinarri hartuta eta etorkizuneko erronkak identifikatzeko xedearekin.

  Hizkuntzen eta konkretuki euskararen kudeaketa enpresen kudeaketa estrategikoaren parte izan ohi da, bai barne komunikazioan, bai kanpo irudi zein harremanetan ere, esan bezala. Baina nola egikaritzen da? Zeintzuk dira kudeaketa horren ertzak? Nola egokitzen dira oinarriak, antolaketa eta aplikazioak egungo testuinguru anitzera? Biharko jardunaldiak aukera eskaini nahi du erakunde ezberdinek egindako ibilbideak ezagutu, hamarkadetan egindako aurrerapenak, bidean aurkitutako zailtasunak eta aukerak azaldu, eta etorkizuneko erronkak mahai gainean jartzeko.

  Saioan hizkuntza plan zein politiketan esperientzia luzea duten hiru erakundeetako aditu eta arduradunek hartuko dute parte: Amaia Balda Etxartek, EMUNeko zuzendari orokorrak, Jone Urzelai Bengoetxeak, Onnera Group-eko jasangarritasun eta komunikazio korporatiboaren arduraduna, eta lehendakari ohiak eta Ibon Calvo Etxebestek, ULMA Taldeko lehendakariak. Norbere erakundearen kasu eta praktikak azalduko dituzte hasieran hitzartze bana eginda eta kaferako tartetxo baten ostean, denon arteko solasaldia izango da, mahai inguru formatuan eta Enpresagintza Fakultateko Euskara Batzordeko arduradun Jon Irizar-ek gidatuta. Errealitatetik abiatuta, etorkizuneko lan-ildoak identifikatzea izango da azken helburua, erakundeen lehiakortasunean eta kohesioan hizkuntzak duen paperean fokua jarriz.

  Hizkuntzatik ehuntzen izeneko jardunaldia Enpresagintza fakultatean egingo da bihar, 14:30etatik 16:30etara. Saioa irekia eta doakoa da, eta nahitaezkoa ez den arren, aurrez izena ematea gomendatzen da (esteka: https://bit.ly/HizkuntzatikEhuntzen)

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!