Hitzaldia eta bisita gidatua antolatu dira Xavier Alvarez de Eulateren beirateak jarri zireneko 70. urteurrena ospatzeko
2026an 70 urte bete dira Arantzazuko Basilikako beirateak jarri zirenetik. Hori gogoan, Xavier Alvarez de Eulateren figura eta obra balioan jartzeko programa berezia landu dute Arantzazuko Frantziskotar Probintziak eta Arantzazu Adiskideak elkarteak; artistaren lanak biltzen dituen erakusketa monografikoa ikusgai dago komentuko klaustroan eta Alvarez de Eulatek egindako beirateei buruzko hitzaldia eta bisita gidatua egingo da larunbat goizean, 10:30etan, Juan Ayesta adituaren eskutik. Parte hartzeko izena eman behar da: 688 613 840 edo adiskideak@arantzazu.org
1955ean inauguratu zen Arantzazuko Basilika, euskal arte garaikidearen erreferente dena. Bertan bat egin zuten hainbat artista handik: Francisco Javier Sáenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoek, Jorge Oteizak, Eduardo Chillidak, Nestor Basterretxeak, Lucio Muñozek, Xabier Egañak eta Xavier Álvarez de Eulatek. Guztien ekarpenek arkitekturaren, artearen eta espiritualtasunaren arteko elkarrizketarako gune berezia osatu zuten.
Xavier Alvarez de Eulatek, 1919an Donostian jaiotako fraide frantziskotarrak, ibilbide artistiko luzea egin zuen, bai erlijio-bokazioagatik, bai etengabeko ikerketa plastikoagatik ere. Bere produkzioa figurazioaren eta abstrakzioaren artean igarotzen da, eta kolorearen erabilera espresiboa eta transzendentea etengabe bilatzea da bere ezaugarri nagusia. Eta horren inguruko hitzaldia izango da, hain zuzen ere, Arantzazun, larunbatean. Azken emaitzaz haratago, Eulatek garatutako prozesu sortzaile eta teknikoan jarriko du arreta saioak.
Arantzazuko beirateen kasuan, prozesua 1954an hasi eta hainbat fasetan gauzatu zen, egun Santutegian ikus daitezkeenak osatu bitartean. Argiaren kontzepzio sinbolikoaz eta kolorearen bidezko itzulpen plastikoaz arituko da Eulateren obran aditua den Juan Ayesta. Egileari buruzko datu esanguratsuak emango ditu eta beirateen sortze eta gauzatzeari buruz aurkitu diren berritasun batzuk azalduko ditu. Hitzaldia Arantzazuko komentuan izango da, 10:30etan hasita eta beirateen aurrealdean amaitzea aurreikusten da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!