Hitanoaren egoera erdipurdikoa da Oñatin, eskasa, orokorrean, Badihardugu elkarteak egin duen inkestaren arabera

2024/01/15
Card image cap
Inkesta boluntarioki bete dutenen erantzunak dira oinarria

  Hitanoa biziberritzea helburu duen HIKAGIN egitasmoaren baitan egin zuen hitanoari buruzko inkesta Badihardugu euskara elkarteak, iaz. Inkestak herritarren interesa sortu zuen eta 287 herritatik 4.215 erantzun jaso zituzten, baita Oñatitik ere, 84, hain zuzen. Gehienak, 3.000 pasa, Gipuzkoatik jaso ziren baina zazpi probintziatakoak bildu ziren. Inkestak anonimoak eta borondatezkoak izan ziren.

  Oñatin inkesta bete zutenen gehiengoak esan du hitanoa batzuetan erabiltzen duela eta erdipurdiko egoeran dagoela herrian. Ondorio orokorrak bestelakoak dira: herrian hitanoaren egoera eskasa eta oso txarra dela uste baitu gehiengoak, % 55,6ak. Hirutik batek erantzun du egoera onean dagoela.

  Toka eta noka berezituz gero, ikuspegia oso ezberdina da eta %5ak bakarrik uste du emakumeei egiten zaien nokaren egoera ona dela. Erabilerari erreparatuta ere, generoa aldagai garrantzitsua da: hitanoa sarri erabiltzen duten 100 lagunetatik 66 gizonezkoak dira eta 34 emakumeak. Baina aipagarria da, emakumezkoek berdin darabiltela toka eta noka, gizonezkoek, aldiz, toka darabilte nagusiki, eta bat lauko proportzioan, hau da, beste gizonezko bati zuzentzen direnean soilik erabiltzen duten hitano forma.

  Egoera onena euskararen arnasguneetan du hitanoak. Hitanoaren transmisioa bereziki etxean eta familian ematen dela ondorioztatu da, kalean eta lagunartean ere asko, baina eskolan ia ezer ez. 50 erantzunetik gora bildu diren herrietan guztietan hitanoa biziberritzeko ekimenak egin dira, nahiz eta guztietan hitanoaren egoera desberdina izan. Eta horixe izan da Badihardugu elkarteak osatu duen inkestaren helburu nagusia: hitanoa bizirik dagoen herrietan egoera zer nolakoa den jakitea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!