Oñatiko udala

Emakumion etxeko antolaketan parte hartzeko deialdia zabaldu da

2026/11/18
Card image cap
Harrera bilera egingo da azaroaren 30ean

  Emakumion etxiaren bueltan dagoen antolaketa ezagutu, lan-taldeen dinamika eta jarduna bertatik bertara ikusi eta zalantzak argitzeko bilera egingo da azaroaren 30ean. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da, azaroaren 27ra arte.

  Emakumion etxia eratzeko prozesu partehartzailean jardun eta ardura ezberdina zuten bost talde sortu ziren baina egun, kale Zaharreko egoitza irekita, zortzi talde ari dira lanean: Etxekoandriak, bidelagunak, saltserak, zubigileak, talaiakideak, programatzaileak, jostunak eta gobernatza zirkulua.

  Etxekoandriak, etxiari bizia ematen saiatzen dira; bidelagunak elkar laguntzen aritzen dira; saltserak ekintzez arduratzen dira; zubigileak kanpo harremanak lantzen dituzte; talaiakideak epe luzeko begirada gogoan aritzen dira lanean, programatzaileek egitaraua osatzen dute; jostunek barne harremanak lantzen dituzte eta gobernantza zirkuluan adosten da lan taldeen arteko koordinazioa eta estrategia. Talde bakoitzak dinamika berezia dauka duen zereginaren arabera maiztasun ezberdinaz elkartzen direlarik. Baina bakoitzak duen ardura eta dinamika hori azalduko da hileko azken astelehenerako deitu den harrera bileran. Helburua, etxia ahalik eta emakume gehienera zabaltzea da, egun bertan diharduten taldeak aniztasunean aberasteko.

  Taldekide direnak beraien inguruan ari dira mezua zabaltzen eta etxetik bertatik ere gonbidapen oharrak bidali dira sare sozialen bitartez. Parte hartzeko interesa duenak azaroaren 27ra arteko epea dauka izena emateko. Informazio gehiagorako Emakumion etxera hurbildu, telefonoz deitu (043 780 699) edo mezua (emakumionetxia@onati.eus) bidaltzea eskatzen da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!