Hiri Antolamendurako Plan Orokorra idazteko oinarri-irizpideak eta helburuak aztergai gaurko Osoko Bilkuran

14 puntuko lan zerrenda osatu da arratsaldeko Osoko Bilkurarako. Tartean, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra idazteko oinarri izango diren irizpideak eta helburuak proposatu eta onartzea eskatuko da. Aurrez, HAPOaren aurrerakinarekiko jaso ziren jakinarazpen eta iradokizun idatziak aztertu eta erantzungo dira.
Astelehenean LGTBI harrotasunaren nazioarteko eguna dela eta, horren aldeko adierazpen instituzionala onartuko da bileran, udalbatza osatzen duten bi taldeek babesten baitute. Osoko Bilkurako lehen gaia izango da hori eta bigarrena zinegotzi bati % 30eko dedikazioa aitortu eta dagokion ordainsaria onartzea. Egun, alkateak %100aren dedikazioa du udal ardurekiko eta beste lau zinegotzik, EH Bilduko hiruk eta EAJko batek, portzentaje ezberdineko dedikazioa. EH Bilduko laugarren zinegotzi bati %30eko dedikazioa onartzea proposatuko da arratsaldeko bileran. Irailean amaitzekoa den etxez etxeko laguntza zerbitzu kontratua urtebetez luzatzea ere proposatuko da gaurko batzarrean.
Ekaineko Osoko Bilkura 18:30tan hasiko da eta Oñati Irratiak zuzenean eskainiko du (FM 107.4).
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!