Oñatiko udala

Hilobien emakida berritzeko epea apiril amaierara arte luzatu da

2026/01/15
Card image cap
Kanposantuko alde zaharrean dauden panteoi eta kaperen emakidak iraungita daude

  Kanposantuko alde zaharra XIX. mende akaberan egin zen eta bertako panteoi edo kapera emakida bizitza osorako zela adierazi bazen ere, ondorengo araudiak 75 urtera mugatu ditu. Ondorioz, hilerriko alde zaharreko hilobi guztien emakidak iraungita daude eta berritu egin behar dira. Hori jakinaraziz gutunak prestatu zituen Udalak uda amaieran baina asko bueltan etorri dira eta beste batzuk bidali ezinda geratu ziren, titularrak hilda daudelako. Eskutitza jasota edota komunikabiden bitartez albistearen berri izan duten zenbait familiak emakida berritu dute baina gehiengoak ez du tramitea bete. Horregatik, emakida berritzeko epea lau hilabetez luzatzea, apiril amaierara arte luzatzea erabaki du Udalak, bitartean, hilobien titularren datuak errebisatu eta jakinarazpen-gutunak bidal ahal izateko.

  Zenbait familiak gorpu berri bat hilobiratzeko baimena eskatu dutenean jakin dute emakida iraungita dutela, eta arazoak izan dituzte baita ere panteoia egokitu gabe zegoelako. Izan ere, langileen segurtasuna bermatze aldera, egokitzapen lanak egin behar baitira kanposantuko alde zaharreko hainbat kapera eta panteoitan, konkretuki, hilkutxa sartzeko zuloa aldamenean dutenetan eta goialdean izanik ere, txikiegia denean. Guztietan goialdean ireki beharko da hilkutxa sartzeko zuloa eta gutxienez, 0,9x2 metroko zabalera izan beharko du. Egokitzapen lan horiek 300en bat panteoitan egin behar dela kalkulatu zuten udaleko Zerbitzuak departamentuan eta orain arte, gutxi batzuk bakarrik egin dutela adierazi digute. Lan horiek egiteko ez dago eperik baina burutu bitartean ezingo da gorpurik hilobiratu bertan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!