Hilerriko zenbait panteoi eta kapera egokitu egin beharko dira gorpuak lurperatzen jarraitzeko

Hilerriko langileen segurtasuna bermatze aldera, hainbat egokitzapen egin behar direla ebatzi du lan-prebentzioko udal batzordeak. Hilerriko alde zaharreneko hainbat panteoi eta kaperek ez dituzte hilobiratze berriak egiteko segurtasun neurriak betetzen eta egokitzapen lanak egin beharko dituzte. Konkretuki hilerri zaharrean eta lehenengo handitzean egindako zatian dauden 300en bat panteoi eta kapera egokitu beharko dira. Batzuek aldamenean dute hilkutxa sartzeko zuloa eta goizaldetik jarri beharko dute, eta goialdean dutenek ere gutxienez, 0,9 X 2 metroko zuloa izan beharko dute. Lan horiek egin ahal izateko udal baimena eskatu beharko dute panteoi edo kaperaren jabeek.
Baina lanean hasi aurretik, kanposantuaren alde zaharrenean daudenen jabeek erabilera emakida berritu beharko dute. XIX. mende akaberan egin zen hilerrian panteoi edo kapera emakida bizitza osorako zela adierazi zen, baina denbora tarte lauso hori mugatzen joan dira ondorengo araudiak eta egun 75 urtekoa da. Beraz, hilerriaren zatirik zaharrenean eman ziren guztiak iraungita daude. Horiek berritzeko abenduaren 31ra arteko epea zehaztu du Udalak.
Egokitze lanak egin bitartean hilkutxak udal jabetzako nitxo batean sartzeko aukera emango die Udalak panteoi eta kapera jabeei, argi utziz, bertan gorpuak 5 urtez egon beharko duela lekuz aldatu baino lehen, EAEko hilotzen sanitate-alderdiei buruzko erregelamenduak arautzen duenez. Errautsak sartzeko arazorik ez dago, egokitze lanik egiten ez bada ere.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!