Hilerriaren Erregimen eta Funtzionamendurako Erregelamenduari dagokion aurretiazko kontsulta ireki du Udalak
Oñatiko Udalak badu hilerria kudeatzeko erregelamendua baina aspaldikoa da, 1994ko ekainaren 15ean argitaratu zen. 32 urte hauetan lege aldaketa garrantzitsuak izan dira eta hilerriaren erregimena eta funtzionamendua eguneratu beharra ikusi da, emakida-epeak mugatu eta ehorzketa eskubideetan hobekuntza-aldaketak txertatzeko. Erregelamendu berrian jaso asmo diren aldaketa esanguratsuenak honakoak dira, beste batzuen artean: emakida-epeak mugatzea; gaur egungo hilobi-motak zehaztu eta definitzea; ehorzketa-eskubideen titularren eskualdaketa ahalbidetzea, baldintza jakin batzuetan; emakida epea zehaztu gabe duten hilobien erreferentzia-data zehaztea eta, oro har, erregelamendua legezko eskakizunetara egokitzea. Helburu nagusia indarrean dagoen araudia berritzea da, esan bezala, jabari publikoaren kudeaketa egokian eta segurtasun juridiko printzipioan oinarrituta.
Hilerriaren erregimen eta funtzionamendurako erregelamenduaren zirriborroa guztiz bukatu gabe dagoen arren, halakoek eskatzen duten prozedura administratiboari hasiera ematea erabaki du Udalak eta tramitazioari dagokion aurretiazko kontsulta epea ireki da herritarren ekarpenak jaso ahal izateko. Kontsulta publikoaren helburua baita herritarren iritzia ezagutzea, ekimenaren bitartez konpondu nahi diren arazoen inguruan, arauaren egokitasun eta helburuez, edota jarraitu litezkeen beste aukera erregulatzaile batzuen inguruan.
Hilerriaren erregimen eta funtzionamendurako erregelamenduaren tramitazioari dagokion aurretiazko kontsultarako eta ekarpenak egiteko martxoaren 25era arteko epea finkatu da. Bitartean, ekarpenak egin nahi dituzten herritarrek, dagokien formulario edo orria bete ahal izango dute udaletxeko HAZ bulegoan edo udal webgunean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!