Felipe VIa erregea Oñatira, Onnera Groupera etorriko da arratsaldean
Baieztapen ofizialik zabaldu ez bada ere, extraofizialki dakigu Espainiako erregea Oñatira eta konkretuki Onnera Group kooperatibak Garibai auzoan dituen instalazio berrietara etorriko dela arratsaldean, Mondragon korporazioak gonbidatuta. Segurtasun neurri bereziak hartu dira eta inguru guztia autoz hustu da, besteak beste. Imanol Pradales lehendakariak lagunduko dio erregeari bisitan. Lehendakaritzatik iragarri dutenez, Mondragonen Zuzendaritza eta Kooperatiba Garapenerako zentroa eta Korporazioaren instalazioetako bat bisitatuko dituzte, baina bestelako zehaztapenik eman gabe.
Ekitaldia 16:30etan hasiko da, Aretxabaletako Otalorako Zuzendaritza eta Kooperatiba Garapenerako zentroan eta handik Oñatira etortzea espero da. Onnera Group koorperatibako garbitegiko fabrika planta berria bisitatuko dute. Planta honek LEED gold ziurtagiria lortu du, iraunkortasunarekin, ingurumenarekin eta prozesuak etengabe hobetzearekin duten konpromisoa berresten duen nazioarteko aitortza.
Espainiako erregeak Debagoienera egingo duen bisita salatu dute hainbat talde eta kolektibok eta mobilizazioak iragarri dituzte, Arrasaten, Aretxabaletan eta baita Oñatin ere. GKSk Oñatiko plazan 18:30etan elkartzeko deia zabaldu du.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!