Herritarren parte-hartzea, lankidetza publiko-soziala eta irekiera instituzionala arautzen duen udal ordenantzari hasierako onespena eman zaio

2022/04/06
Card image cap
Alegazioetarako 30 eguneko epea irekiko da iragarkia Gipuzkoako aldizkarian argitaratzen denean

  Herritarren parte-hartze eta lankidetza publiko-sozialerako lehen urratsak modu intuitiboan eman zituen Udalak baina momentu batean,  esperientziatik abiatutako prozesu hori arautu eta udal ordenantza batean jasotzeko beharra ikusi zen eta horren emaitza da osteguneko Osoko Bilkuran aho batez eta hasierako izaeraz onartu zen udal ordenantza. Ordenantzak hiru atal nagusi ditu eta helburu ugari Izaro Elorza alkateak azaldu duenez: herritarrek gai publikoetan parte har dezaten ahalbidetu eta bultzatzea, parte hartzeko bideak ezarriz; herritarren parte hartzeko instrumentuak zehaztu eta prozedurak ezartzea, eta elkartegintza eta herritartasuna sendotu eta bultzatzea eta lankidetza publiko-soziala sustatzea, besteak beste.

  Herritarren parte-hartzea eta lankidetza publiko-sozialak hartzen dute udal ordenantzaren zatirik nagusiena baina irekiera instituzionala ere arautu nahi izan da, nahiz eta hori nola egin zehazten duten udalaren gaineko legeak dauden. Baina puntu hau garatu ahala aipatu udal ordenantzan txertatzen joango direla aurreratu du Izaro Elorza alkateak.

  2015ean erabaki zuen Udalak partaidetza udal departamentua sortzea eta ordutik kasik abiatu zen hasierako onespena jaso duen udal ordenantza hau eratzeko hausnarketa prozesuari. Luzea izan dela onartu du Anik Zubizarreta batzordeburuak, luzea baino oso aberasgarria eta ikasketa prozesu garrantzitsua.

  Herritarren parte-hartzea, lankidetza publiko-soziala eta irekiera instituzionala arautzen duen udal ordenantzak ezaugarri nagusi bat du eta genero ikuspegiaren txertaketa da. Genero ikuspegia bereziki txertatu da ordenantzaren atal ezberdinetan, bereziki emakumeen partaidetza sustatu, babestu eta ziurtatzeko.

  Eltzia, Eskola kirola edota Emakumeen kontseilua eratzeko prozesuetatik ikasitakoari forma eman zaio, etorkizuneko antzeko prozesuak artikulatuta geratu daitezen. Udal ordenantza www.oñati.eus  atarian ikusgai dago baina hasierako izaeraz onartu dela jakinaraziz iragarkia Gipuzkoako aldizkari ofizialean argitaratu bezain pronto 30 laneguneko epea zabalduko da alegazioetarako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!