Herriko utzikeria salatu du EAJk

Ekaineko Osoko Bilkuran mozioa aurkeztuko duela iragarri du EAJk, prentsa ohar bidez. Kontserbazio eta garbitasun neurriak zein espazio publikoaren eta tokiko ondarearen errespetua sustatzeko konpromisoa hartzea eskatzen du mozioak. Bide edo leku publikoak komertziala ez den publizitatearekin erabiltzeari buruzko 1989ko Udal Ordenantza aipatzen du EAJk oinarri gisa,
Hirigune historikoan, monumentu enblematikoetan eta, orokorrean, herrian, pintada, pegatina, kartel, lorategi utzi eta belar altua paisaiaren ohiko parte direla dio EAJren prentsa-oharrak. Horren harira, udalerriko ondare kulturalaren eta historikoaren narriadura geldiarazteko berehalako neurriak eskatuko dizkio gobernu taldeari. Jeltzaleen ustez, gaia bat dator aurtengo aurrekontuan jasota dagoen Kasko Historikoa Eraberritzeko Plan Berezia partidarekin.
Fatxaden narriadura, pilatutako zikinkeria, garbitasun falta eta lorategiak zaintzeko arretarik eza EH Bilduren gobernuaren inakzioaren ondorio dela adierazi du Amaia Erostarbe bozeramale jeltzaleak. Eta gaiarekiko urte hauetan erakutsi duen sentsibilitate falta harritzekoa iruditzen zaiela gaineratu du. Denak ez du balio, are gutxiago, ingurune amankomuna zikintzea edo degradatzea badakar esan du Erostarbek eta bizikidetza guztiona dena zainduz ere eraikitzen dela, adierazi du.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!