Herriko pentsionisten asteleheneroko elkarretaratzeak eten dituzte, iraileren 15era arte

Urteroko etena egingo dute pentsionistek udan. Elkarretaratzeetara doazen askok biloben ardura hartzen dutela jakina da, eta eskola-oporrak iristerako, astelehenetako konpromisoa bertan behera uzten dute. Hala, ikasturteko azken elkarretaratzea gaur egin dute, festa giroan.
Pentsio duinak eskatzeko kontzentrazioa ohiko moduan egin da, 12:00etan plazan, eta amaieran, mokadutxo bat izan da partaideentzat. Aurrez, irailaren 15ean elkarretaratzeekin berriro hasiko direla jakinarazi da eta, bide batez, bakardadearen inguruan Debagoiena mailan egiten ari den galdetegiaren berri eman da, inkesta betetzeko gonbidapena luzatuz. Horrenbestez, herriko jubilatu eta pentsionistek amaiera eman diote ekintza eta aldarrikapenez gainezka izan duten 2024-2025 ikasturteari. Pentsioak 1.080 eurora osatu daitezen aurkeztu den Herri Ekimen Legegilea babesteko sinadura bilketa kanpaina izan da aurtengo ekintza nagusia eta, horren harira, Gasteizen edota Donostian egin diren manifestazioetan parte hartu dute herriko pentsionistek.
Hori da Euskal Herriko pentsionisten mugimenduak hasieratik izan duen aldarrikapen nagusia: pentsio duinak guztientzat. Eta Madrildik 1.080 euroko gutxienekoa ziurtatzen ez den arte bitartean, ekarpen osagarria ordaintzea eskatzen zaie Gasteizko eta Iruñeko gobernuei. Euskal pentsio sistema publikoa eta osasun eta zaintza sistema publiko duina ere eskatzen dute, besteak beste. Udako etenaren ondoren, irailaren 15ean itzuliko dira aldarrikapen horiek plazara, astelehenetako elkarretaratzeei berriro ekitean.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!