Oñatiko udala

Herriko osasun zerbitzuak bermatu, lan baldintzak hobetu eta lehen arreta indartzea eskatuko dio Udalak Eusko Jaurlaritzari

2022/07/27
Card image cap

  Herrietako anbulategien itxieraren aurka eta osasun sistema publikoa indartzea eskatzeko EH Bilduren mozioa gehiengoz onartu zen osteguneko Osoko Bilkuran. Alternatiba idatzia aurkeztu zuen EAJk baina ez zen aurrera atera, udal gobernu taldeak ezezkoa bozkatu zuelako.

  PAC edo etenik gabeko arreta guneak itxi edo ordutegi murriztuarekin aritzea, osasun etxeetan profesionalen gabezia eta daudenen egunerokotasunean kalitatezko arreta bermatzea ezinezkoa bihurtzen duen saturazioa izatea, osasun etxeetan betidanik eskaini diren zerbitzuak itxi edo murriztea, aurrez aurreko kontsultak lortzeko zailasuna, adinekoen eta gaixo kronikoen jarraipenerako zailtasunak eta osasun sustapenean beharrezko garapenaren gabezia salatzen ditu EH Bilduk onartutako mozioan.

  Osasun sistema okertzen pandemiaren aurretik hasi zela dio idatziak eta, murrizketak eta planifikazio eza, osasun sistema publikoa pribatuaren mesedetan ahultzeko estrategia aspaldiko kontua dela dio. Oñatiko anbulatoriaren ordutegia murriztu egin dela eta Arrasaten zerbitzu batzuk udan itxiko direla aipatzen da. Ondorioz, Oñatiko Udalak hiru eskaera konkretu egingo dizkio Eusko Jaurlaritzari:

- Urte osoan zehar, uda sasoian barne, herriko osasun sistema publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak bermatu ditzala.

- Lehentasunez mediku egoiliarren kontratazio-eredua aldatu eta kontratu egonkorrak eta lehen arretan euren garapen profesionalerako ibilbidea ahalbidetuko dutenak bermatzea. Halaber, osasun profesionalen kontratazio baldintzak hobetzeko xehearekin, aztertzea Osakidetzan kontratazio irizpideak aldatzea, beti ere, egonkortasuna eta garapen profesionala sustatuz, horrela Osakidetza erakargarriago bilakatzeko eta indartzeko.

- Lehen arreta eskaintzen duten mediku, erizain eta gainerako osasun profesionalen kopurua handitzea. Diziplina anitzeko lantaldeak sortuz, eta beste profil profesional batzuk txertatuz, hara nola, geriatrak eta fisioterapeutak.

  EAJren mozioak lehen puntuarekin egiten du bat soilik, hau da, osasun sistema publikoak eskaintzen duena urte osoan bermatu dezala eskatzea. Osakidetzako plantilla berritu, egonkortu eta beharrezkoa den neurrian handitzeko politikekin jarraitzeko eskatzen du eta onartuta eta deituta dauden lan deialdi publikoen prozesuak amaitu eta behin behinekotasuna murrizteko eskaintza berriak egiten jarraitu dezala eskatzen da.

  Mozioen eztabaidan jarraipen hitzean jarri zuen azpimarra Izaro Elorza alkateak, orain artekoaren kritikarik egiten ez zuen idatzia aurkeztu zutelako eta, alde horretatik, ez zuelako ikusten mozioaren helburua zein zen. Dena gaizki dagoela gezurra dela erantzun zion Amaia Erostarbek eta medikutan ibili behar izan den bolada honetan arreta oso ona jaso duela aipatu zuen. Lanean ari direnen profesionaltasuna ez dela auzitan jartzen, kudeaketa baizik, erantzun zion alkateak.

  Bozketan EH Bilduren mozioak aurrera egin zuen gobernu taldekoen aldeko botoz eta EAJk aurkeztutakoa atzera bota zen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!