Oñatiko udala

Herriko LGTBIQ+ kolektiboak aurkeztutako mozioa aho batez onartu zen atzoko Osoko Bilkuran

2026/06/26
Card image cap
Ekainaren 28a memoria, aitortza eta aldarrikapen eguna dela azpimarratzen da idatzian

  Presazko gai gisa aurkeztu eta bozkatu zen LGTBIQ+ kolektiboaren mozioa,  EH Bilduren izenean lan zerrendan jasota zegoena erretiratu ondoren. Herritarrentzako aulkietan zegoen Beñat Erostarbek irakurri zuen idatzia, inguruan zituen beste hainbat lagunek babestuta.

  Ekainaren 28a, Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela baina ospakizun hutsetik haratago, memoria egiteko eguna, aitortzarena eta aldarrikapenena dela esanez hasten da mozioa. Askatasuna, berdintasuna eta duintasuna urteetako borroka, aktibismo eta konpromiso kolektiboaren emaitza direla gogorarazten da eta borroka horrek aurrerapauso handiak ekarri dituen arren oraindik beste zenbait emateko daudela zehazten du. Oraindik badaudelako beren identitateagatik edo maitasuna bizitzeko moduagatik beldurra, bakardadea, ulermen eza, diskriminazioa, irainak, indarkeria edo bazterketa jasaten dutenak.

  Aniztasuna aberastasuna dela eta pertsona guztiak errespetuz eta berdintasunez bizi ahal dutenean gizarte justuago eta demokratikoago bat eraikitzen dela aipatzen du mozioak. Era beran, instituzioek duten ardurari ere erreferentzia egiten dio, espazio seguruak, inklusiboak eta diskriminaziorik gabekoak sustatzearen ardura erakundeei dagokiela adieraziz.  Horregatik guztiagatik ekainaren 28a memoria, aitortza eta aldarrikapen eguna dela azpimarratzen da.

  Irakurritako mozioa bozkatu zen eta Udalbatzak aho batez onartu zuen Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira herriko LGTBIQ+ kolektiboak zuzenean aurkeztu zuen idatzia.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!