Herriko jaiak, auzotasuna dirulaguntzak eta Santa Ana aretoaren hornikuntza hizpide izango dira gaurko Gobernu Batzarrean
Udaleko Kultura departamendua San Migel eta Errosarixo jaietara begira dago bete-betean. Abuztua opor garai izaten da gehienontzat eta iraileko lanak ahalik eta azkarren lotzea komeni da. Hala, gaur arratsaldeko bileran, herriko jai nagusiekin erlazionatutako hainbat gairi bidea ematea proposatuko da. Hara nola, jaietako haur parkea, txosnetarako karpa eta kalean jarri ohi diren komunak kontratatzea eskatuko da. Jakina da, bestalde, jaietako kontzertu nagusia Latzenek emango duela irailaren 26an eta horren harira bi kontratazio egitea proposatuko da gaurko Tokiko Batzarrean, Latzen taldearena berarena eta kontzerturako sonorizazioa eta argiztapena.
Kultura departamentuaren ardurapekoa da baita ere Santa Ana aretoa eta ekipamendua hobetzeko bi lan proposatuko dira arratsaldean: proiekzio pantailaren hornidura eta instalazioa eta bigarren argi-barra motorizatzeko lana. Arloan diharduten hainbat enpresen aurrekontuak eskatu dira eta informazio osoa eskutan aipatu lanak egiteko kontratazioak onartzea eskatuko zaie gobernu taldeko kideei.
Auzotasuna dirulaguntzei buruz ere berba egingo da gaurko bileran, Torreauzok eta Urrexolak dagokien dirulaguntza aurreratzea eskatu baitute. Bestalde, maiatzaren 28ko batzarrean Herribusa zerbitzurako mugi birtuala terminal eramangarria hornitzea eta proiektua kudeatzea onartu zen. Lehen kontratazio proposamen bat ere onartu zen baina, akats bat tarteko, erabaki hura bertan behera utzi eta kontratuaren esleipena Lurraldebus DFGri egitea proposatuko da.
12 gai jaso dira gaurko lan zerrendan, azken orduan aurkeztu daitezkeen beste batzuei ere bide emateko aukerarekin.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!