Herriko iturrietako ura edatea sustatuko da Ibailagun jardunaldietan

2018/10/15
Card image cap
Selfie lehiaketa egingo da aste osoan zehar eta herriko iturrien planoa duen kantinplora banatuko zaie ekintzetan parte hartzen dutenei

  Errekak garbi mantentzearen garrantziaz sentsibilizatzeko Ibailagun jardunaldiak egingo dira aste honetan. Aste osoan zehar selfie lehiaketa egingo da, herriko iturrietako ura edateko ohitura berreskuratu eta sustatu asmoz; Edan iturriko ura gaiaren inguruko argazkiak bidali behar dira edanitturrikoura@gmail.com helbidera. Selfie originalenentzako sariak egongo dira. Gainera, herriko iturrien planoa duen kantinplora bat egin da, propio, eta URA ETA ERREKAREN ASTE honetako ekintzetan parte hartzen dutenei banatuko zaie.

  Arantzazu errekako paisaia planaren ekintza plana hausnartzeko 2. saio teknikoa egingo da bihar, ekintza plana zehazteko. Aurreko saiora joan zirenei gonbidapenak bidali zaizkien arren, saioa irekia izango da eta interesa duen edonork bertaratzeko aukera izango du. Bilera, udaletxeko areto nagusian egingo da 18:30tan hasita.

  18:30tan baita ere baina asteazkenean, eta Kultur etxean, Oñati eta inguruak Gipuzkoako anfibio eta narrastien hot spot-a aurkeztuko da.  Oñatiko anfibioen inguruan Aranzadi Zientzia Elkarteak egin duen ikerlanaren emaitza azalduko du Ion Garinek. Asteazkeneko aurkezpen hori larunbat goizeko auzolanarekin lotuko da, Olapotoko anfibio putzua berreskuratzeko lana egingo baita. Auzolanean parte hartu nahi dutenak Olakuako dorre honen atarian elkartuko dira, 11:00tan. Bertan, eta ordubete lehenago, 10:00etan alegia, Odonato edo sorgin-orratzei buruzko erakusketa zabalduko baita. Odonatoak, uraren hegalak erakusketa Aranzadi Elkarteak osatu du eta Iñaki Mezquitak gidatuta ikusi ahal izango da. Larunbateko ekintzak osatuz, azkenik, arratsaldeean Antzubarrera ibilaldia egingo da Natur eskolakoek gidatuta. Garai batean herriko iturri publikoetara ura ekartzeko egin zen lana da Antzubarren ikusi ahal izango dena. Aloña azpian kokatzen den iturburu honetara joateko hitzordua plazan egin da, larunbatean, 16:00tan.

  Eta igandean irteera berria egingo da, erreka garbitzera. Lekua guztiz zehaztu ez den arren, Zubillaga aldera joatea aurreikusten da, inguru hartan landare inbaditzaileak ikusi baitira. Eta erreka garbiketa horretan erreka iskinean nahiz uretan dauden hondakinak batuko dira baina landaren inbaditzaileak ere kenduko dira. Gero, landare inbaditzaile horiek plazan ikusgai jarriko dira herritarrok ezagutu ditzagun.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!