Herriko ikastetxeak, ikasturte berrirako matrikula epeari aurre hartuz, ostiral eta zapaturako antolatu dituzte ate ireki jardunak.

2013/01/21
Astelehenean hasiko da 2013-2014 kurtsorako izen emate epea.

  Txantxiku ikastola izango da guztietan lehena. Hilaren 9an hasi zituen Txikitxoen jardunaldien baitan antolatu ditu ate ireki jardunak. Ikastolan, ostiralean irekiko dira interesa duten herritar guztientzat 0 eta 6 urte arteko ikasleen gelak. Gainera, POTXIN ETA PATXIN pailazoen emanaldia ere antolatu da. Ostirala, eskola eguna denez, ate ireki jardunaldi hau, arratsaldeko 5etatik 7ak arte luzatuko da. Instalazioak ikusi aurretik, ikastolako proiektu pedagogikoa eta funtzionamendua argitzeko bilera informatiboa egingo da gaur bertan. Arratsaldeko 6retan hasiko da.

  Elkar Hezi eta Errekalde Herri Eskolan berriz, zapatua izango da bertako instalazioak ikusi eta irakasle eta arduradunekin berba egiteko eguna.

  Elkar Hezin, ikastetxeko ateak zapatuan, eguerdiko 10 eta erdietan irekiko dituzte. Eskola bisitatu ez ezik, hainbat ekintza egiteko aukera izango da: musikoterapia, masaje altenatiboak, eskulan tailerra eta guraso eta haurrentzako sukaldaritza tailerra. Larunbat goizeko ekintzak amaitzeko luntxa eskainiko zaie bertaratutako guztiei.

  Errekalde Herri Eskolan zapatuan baita ere, baina arratsaldez egingo dute ate irekien saioa, arratsaldeko 5etatik 7 eta erdietara. Instalazioak ikusi eta bertako arduradunekin hezkuntza proiektuaz berba egiteko aukeraz gain, gaztetxoei zuzenduta hainbat tailer egingo dira: bitxigintza, birziklatze, txapak, makillaje edota dantza tailerrak antolatu dira. Gainera, URGAIN Oñatiko eskola publiko sarearentzat propio sortu diren kantua eta bideoa aurkeztuko dira. Amaierarako txokolatada antolatu da. 

  Zuazola institutuan ere ate ireki jarduna antolatu dute, datorren asteartean, hilaren 29an izango da. Kasu honetan ez gurasoei zuzenduta soilik baizik eta lehen hezkuntzatik bigarren hezkuntzara salto egiteko puntuan dauden ikasleei zuzenduta ere bai. Hau da, 6. mailan dauden neska mutikoentzat.

  Herriko ikastetxeetan antolatu ohi diren ate ireki jardun hauek bi helburu nagusi dituzte. Gurasoek zentro bakoitzaren instalazioak, zerbitzu eta baliabideak bertatik bertara ikusi eta bakoitzak duen hezkuntza proiektua ezagutzea. Bide batez, haurrek, ikaskide izan ditzaketen horiek ezagutzeko aukera ere izaten dute, nahiz eta bi urterekin asko ez diren horretaz ohartzen.

  Astelehenean, hilaren 28an hasiko da ofizialki, derrigorrezko hezkuntza mailetan matrikula betetzeko epea. Baina herri mailan, ikastetxeak jada hasi dira hori prestatzen. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!