Oñatiko udala

Herriko haur eta gaztetxoen egoera emozionala ezagutzeko parte-hartze prozesua burutu da Gaztelekuan

2022/03/16
Card image cap
Ondorioak aztertzen ari dira eta lehen aldaketak gauzatzen hasi dira Gaztelekuko erabileran

  Gipuzkoako udalek eta Foru Aldundiak osatzen duten Gaztematikatik abiatu zen parte-hartze prozesu berezi hau, nahiz eta burutu, udaleko Haurrak eta Gazteria departamentuak eta Partaidetza departamentuak eskutik burutu duten. 

  LH4tik DBH4. maila arteko 268 haur eta gaztek parte hartu dute Kuboan eta Topalekuan antolatu ziren saioa eta dinamika ezberdinetan, gidari, bertako hezitzaileak izan zirelarik. Espazio eta pertsona ezagunekin aritu izanaren garrantzia azpimarratu du Partaidetza batzordeburu Anik Zubizarretak. Prozesua oso naturala izan dela argitu du, haur eta gazteentzat naturala den espazioan, ohiko jardunean txertatuta eta konfiantzazko hezitzaileek gidatuta gauzatu baita.

  Iazko maiatza-ekainean burutu zen parte-hartze prozesuak bi helburu nagusi izan dituela argitu du Ion Lopez Haurrak eta Gazteria teknikariak: pandemia betean herriko gazteak emozionalki nola zeuden jakitea, batetik, eta egoera emozional hori hobetzeko zer egin zitekeen udal zerbitzutik, bestetik. Parte-hartze prozesuan emozioak landu dira nagusiki eta askok pandemiak eragindako amorrua eta frustrazioa azaldu dute, baina baita alde positiboak ere, lagunekin, aitaita-amamekin egoteko beharra, adibidez. Harremanen garrantzia azpimarratu dute gaztetxo askok eta ez hainbeste gauza materialen beharra.

  Prozesuan zuzenki parte hartu duten hezitzaileek saioetan sortu den giro berezia azpimarratu dute, une askotan hunkituta sentitu direla aitortuz. Azken finean, oso barruko emozioak azaldu dituztelako gaztetxoek eta zaila pentsa zitekeen konfiantza maila lortu delako sentitzen zutena zintzoki adierazteko. Alde horretatik benetan eskertu dute haur eta gaztetxoen jarrera eta egindako ahalegina.

  Gaztetxoak emozionalki nola dauden ikusita, egoera hobetzeko Gaztelekuak, edo udalak, zer egin erabaki behar da orain. Ondorioak aztertzen ari dira oraindik baina lehen aldaketak gauzatzen hasi dira; hilabeteetan itxita egon diren hainbat gela eta espazioren erabilpena berreskuratu da eta espazio berriak egokitzea pentsatu da, terraza moduko bat, esaterako. Kuboko ordutegia zabaldu egingo da apiriletik aurrera eta Topagunean ere, zerbitzu ordutegiaz haratago espazioa baliatzeko aukera mahai gainean dago. Estresa eta beste hainbat emozio kudeatzen lagunduko lukeen aditu baten zerbitzua ere nola integratu aztertzen ari dira, besteak beste.

  Haur eta gazteek eskatutako egokitze guztiak ez dira berehalakoan egingo baina Gaztelekuaren eskaintza nondik berbideratu ikusteko prozesu aberasgarria izan dela adierazi zuen Iker Oñate Haurrak eta Gazteriako batzordeburuak

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!