Oñatiko udala

Herriko gune ezberdinei eragingo dieten bost argi-mozketa iragarri ditu Oñargik datozen bi astetarako

2025/07/23
Card image cap
Mantentze lanak egingo dira hainbat transformazio zentrotan

  Abuztuan ez du herri osoko argi mozketa orokorrik egingo Oñargik, baina bai mantentze lan txikiak egiteko bost mozketa puntual, uztailaren 28an eta 30ean eta abuztuaren 6an.

  Datorren astelehenean, uztailak 28, Olabarrieta eta Larraña auzoak argindarrez hornitzen dituzten transformazio zentroetako erdi tentsioko deribazioetan egingo dira mantentze lanak. Goizean, Olabarrietako 21 eraikinetan eta bidegorrian ez da argindarrik izango, 9:30etatik 11:00etara. Arratsaldeko argindar etena berriz, bi ordukoa izango da, 15:00etatik 17:00etara, eta Larraña auzoko 27 eraikini eta Larrañako futbol zelaiari eragingo die.

  Hurrengo hiru argindar mozketak hainbat transformadoretako behe tentsioko koadroen mantentze lanek eragingo dituzte. Bidebarrieta III transformazio zentrokoan uztailaren 30ean arituko dira teknikoak eta 10:00etatik 12:00etara argindarrik gabe egongo dira: Berezao eta Lezesarri auzoetako eta Arantzazuko Ama, Auzabarri, Bidebarrieta eta Roke Azkune kaleetako hainbat eraikinetan. Arratsaldean, berriz, Aita Lizarraldeko transformazio zentroan arituko dira lanean eta argindarrik gabe egongo dira, 15:00etatik 17:00etara, Aita Lizarralde, Kale Barria, Larrazaga eta Martzelino Zelaia kaleetako hainbat bebarrutan. Azkenik, abuztuaren 6an, Kurtzebide transformazio zentroan egingo dira mantentze lanak eta 8:00etatik 10:00etara argindarra etengo da, Kurtzebide, Euskadi Etorbidea, Lazarraga, Maria Irizar eta Moiua kaleetan eta Santa Marina plazako zenbait eraikinetan.

  Ordu eta erdi-bi orduko argindar mozketa hauen jakinarazpen oharrak dagozkien eraikinetan jarriko dira datozen egunotan. Aparatu elektronikoak deskonektatzea gomendatzen da.

  Oñargik erdi eta behe tentsioko instalazioen mantentze lanak egiten jarraitzen du, hornidura sarea hobetu eta ustekabeko matxura edo argindar mozketak saihesteko helburuz. Aurten ez da abuztuko argi mozketa orokorrik egingo, baina bai bost mozketa puntual.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!