Herriko bi ikastetxek parte hartzen dute Ikastetxe-Klik proiektuan
Energia garbi eta merkeena, kontsumitzen ez dena! lelopean Ikastetxe-Klik proiektua burutuko dute Debagoieneko hamar ikastetxek, 2022-2023 ikasturtean. Tartean dira Elkar Hezi eta Oñatiko institutua. Eskola eraikinetan energia aurrezpena eta eraginkortasuna sustatzeko proiektua da Ikastetxe-Klik. Debagoiena 2030 ekimenak bultzatu eta udalek lagundua, energia eraginkortasunaren alorrean lanean dabilen ekoON enpresaren laguntza izango dute prozesu guztian zehar.
Ikastetxe-Klik proiektua, Debagoienean trantsizio energetikoa sustatzeko Debagoiena 2030 ekimenaren Eraginez Piztu esku-hartze proposamenaren baitan kokatzen da. Helburua da ikasturte bukaerarako ikastetxeetako eraikinetako energia eta ur kontsumoak murriztea. Horretarako, neurri eraginkorrak proposatu eta praktikara eramango dituzte.
Neurri horien proposamena eta jarraipena egiteko hezkuntza komunitateko kideez osaturiko Energia Taldea sortuko da ikastetxe bakoitzean. Energia taldean ikastetxeko langileek, gurasoek eta ikasleek parte hartuko dute. Horrela, eskola komunitate osoaren kontzientziatzean ere eragingo da.
Ikasturtean zehar landuko dira, batez ere, ohitura aldaketak, programazio egokiak e.a. Ikasgela bakoitzean arduradun energetiko bat izendatuko da eta bere ardura izango da geletatik ateratzen direnean argiak itzaltzea edota, leihoak itxita daudela ziurtatzea berogailua piztuta dagoenean.
Urte amaieran ikastetxeek lortuko duten aurrezpenaren %50 bueltatuko zaio ikastetxeari eta energia taldeko kideek erabakiko dute dirua zertan inbertitu. Gainerako %50 efizientzia neurri berrietan inbertituko da.
Hamar dira Ikastetxe-Klik ekimenean parte hartzen hasi diren eskualdeko ikastetxeak, tartean, Oñatiko bi: Elkar-Hezi eta Oñatiko Institutua.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!