Oñatiko udala

Herriko 5. eta 6. mailako ikasleak haur obesitateari aurre egiteko ikerketa batetan parte hartzen ari dira.

2014/01/15
Card image cap
Eskualde mailako egitasmo honetan, Debagoieneko ospitaleak, udaletako kirol zerbitzuek eta ikastetxeek parte hartzen dute.

  Haurtzaroan geroz eta zabalduago dagoen obesitateari aurre egin ahal izateko, prebentzioa da neurririk eraginkorrena. Horretarako, gaztetxoek dituzten elikatze eta ariketa fisiko ohiturak ezagutzea ezinbestekoa da. Eta horretan ari dira hain zuzen ere, ikastetxez ikastetxe, gelaz-gela haurrak neurtzen, pisatzen eta bere elikadura nahiz ariketa fisiko ohiturak jasotzen. Astelehenean Elkar Hezin hasi ziren datu bilketa lan hau egiten. Astean, Txantxiku Ikastola eta Urgain Errekaldera hurbilduko dira lanaz arduratzen ari diren adituak.

  Azaro-abendu inguruan eman zitzaien Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleen gurasoei egin asmo zen ikerketa honen berri. Bide batez, hala nahi zutenei baimen orria sinatzea eskatu zitzaien.

  Aizmendi ikastetxeko erizain laguntzaile-ikasleak ari dira neska mutikoen neurketak egin eta datuak batzen. Hori egiten duten bitartean gainera elikadura orekatuari buruzko oinarrizko gaiak lantzen dituzte jolas bidez. Oñatin bezala, eskualdeko beste herrietan ere antzerako lana egingo da. Ikerketaren lehen faseko datuak landuta eta lehen ekintzak martxan jarrita, asmoa, lagina, eskualdeko lehen Hezkuntzako ikasle guztien datuak jasota osatzea da.

  Baina oraingo egoeraren berri ematen duten lehen datuen diagnostikoa eginda hauen zabalpena egingo da prebentziorako lehen ekintzak abiatzearekin batera: hitzaldiak, gaia ikasgelan lantzeko bidea emango duten jolasak, gosari osasungarriak eta antzerako ekintzak egin asmo dira. Obesitate arazoa dutela antzemandako neska-mutiko eta beren familiekin berriz, zuzenean lan egiten hasiko dira osasun eta dietetika adituak.

  Haur-obesitatearen arazoa geroz eta hedatuagoa dago. Orain 5 urte estatu mailan haurren ehuneko 5ak gehiegizko loditasuna bazuen, egun, portzentaje hori ia % 19ra igo da. Euskal autonomia erkidegoan kopurua apur bat txikiagoa da, % 17a ingurukoa, baina kezkagarria dudarik gabe. Alde horretatik garrantzitsua da egitasmoa aurrera eramateko orduan bat egin duten hiru zutabe nagusiak: osasun arloa, kirol arloa eta hezkuntza arloa, edo beste era batera esanda: Debagoieneko ospitaleak, udaletako kirol zerbitzuek eta  ikastetxeek.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!