Herriguneko hainbat kale eta bide asfaltatzen hasiko dira datorren astean
Firmes Alaveses enpresari esleitu zitzaizkion herriguneko hainbat kale eta bideren asfaltatze lanak. Kontratua 2022aren amaieran sinatu zen eta urte berria hasi eta berehala gauzatuko da. Egingo diren lanen plangintza-egutegia zehaztuko dute Udaleko zerbitzu-buruak, udaltzainburuak eta enpresako ordezkariak. Oraingoz, datorren asteko lanak finkatu dira.
Asteartean hasiko dira Firmes Alaveses enpresakoak Oñatin lanean, konkretuki Araotzeko ostatu inguruan. Asteazkenean, Azkoagaindik gora Lezesarrira egokitu den oinezkoentzako bidea, bidegorria, asfaltatuko da, eta arratsaldean, San Lorentzon hasiko dira, irisgarritasun lanak egin diren 10. area deritzona asfaltatzen. Horretarako, inguruko aparkaleku guztiak hustu egin beharko dira aurrez. Ostegun eta ostirala bitartean, San Lorentzon jarraituz, sarrera eta irteerako bi aldapak eta beste gunetxo batzuk asfaltatuko dira. Hortik aurreragoko lanak datorren asteko lan-bileran zehaztuko dira.
Herriko kale eta bideak asfaltatzeko kanpainak urtero egin ohi ditu Udalak baina oraingoa handiagoa izango da, hartarako gorde zen dirua ere ohikoa baino gehiago baita, 245 mila euro, hain zuzen. Esleipen prozesuan irizpide nagusia eskaintza ekonomikoa izan da eta 56 mila euro aurreztea lortu du Udalak, lanak, 188 mila euro pasatxotan kontratatuta.
San Lorentzon ez ezik asfaltatze lanak egingo dira Olapoton, osasun zentroaren inguruan, Bidebarrieta kalean, Moiua kalean eta Natra inguruan. Baina non eta noiz zehaztu bezain pronto adieraziko dizuegu.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!